Benetan gurea dena (Lk 21, 1-4)

2023 Aza 27
Joera izaten dugu, Jauna,
askok eta askok behintzat,
hemen guztiok —edo gehien‑gehienok—
sobera dugunetik ematen dugula pentsatzeko:
sobera dugun dirutik,
libre daukagun denbora,
geure borondatez
jartzen dugun ahalegina…
Eskuzabaltasuna horretan datzala uste izaten dugu,
baita meritua ere, jakina:
horrek ondo sentiarazten gaitu,
beste batzuk baino hobeak
izango bagina bezala.

Ez gara konturatzen beste batzuek,
munduko gehien‑gehienek, alegia,
soberako dirurik ez, baina
gure aberastasunen beharra dutela,
guk denbora librea eduki dezagun,
egun osoa lanean ematen dutela,
eta euren ahalegin guztia
gosetik alde egiteko jarri behar izaten dutela.
Gauzak ez dira hainbeste aldatu, Jauna,
Jesusen garaitik hona!

Eskerrak ematen dizkizugu
ezer ez dutenen horietan,
zuk ere abandonatu dituzula diruditenengan
oihu egiten diguzula gogorarazteagatik;
eskerrak,
arrakastarik eskatu gabe
zintzo saiatzea soilik eskatzen diguzulako,
eskerrak, azken finean,
daukagun guztia,
dirua, prestakuntza, gaitasuna… guztia
zorte hutsaren emaitza dela
jakinarazten diguzulako.

Zurekin konpromisoa hartu nahi dugu, Jauna:
abandonatutakoengan eta haiekin batera
zure oihuari erantzun
eta zure proiektua garatuz joan.
Lagun iezaguzu.
Merituak bilatu gabe,
daukaguna zure proiektua garatzeko jar dezagula;
denbora librea eman gabe,
gure denbora besteentzat libra dezagula;
eta gure ahalegina
zure borondatea betetzeko erabil dezagula.

Emaguzu argia, Jauna,
eman indarra horretan guztian saiatzeko,
dagoen zeregin izugarriaren aurrean
ezer gutxi egin ahalko dugun arren,
benetan daukaguna eman dugula behintzat
esan ahal izateko.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude