HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 26
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Gizonaren Semea –eta aingeru guztiak harekin– aintzaz beterik etortzean, bere erregeaulki ospetsuan eseriko da, eta herri guztiak haren aurrean bilduko dituzte. Hark batzuk besteengandik bereiziko ditu, artzainak ardiak ahuntzetatik bereizten dituen bezala: ardiak bere eskuinaldean ipiniko ditu, eta ahuntzak ezkerraldean. Orduan, erregeak esango die eskuinekoei: “Zatozte, nire Aitaren bedeinkatuok; hartzazue munduaren sortzetik zuentzat prestaturik dagoen erreinua. Gose bainintzen, eta jaten eman zenidaten; egarri, eta edaten eman; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoen, eta jantzi egin ninduzuen; gaixorik, eta bisitatu; espetxean, eta ikustera etorri zineten”. Orduan, zintzoek erantzungo diote: “Jauna, noiz ikusi zintugun goserik, eta eman genizun jaten, edota egarri, eta edaten eman? Noiz ikusi zintugun arrotz, eta etxean hartu, edota biluzik, eta jantzi? Noiz ikusi zintugun gaixorik edota espetxean, eta ikustera joan?”. Eta erregeak erantzungo die: “Benetan diotsuet: nire seniderik txikien hauetako bati egin zeniotena neuri egin zenidaten”. Gero, esango die ezkerrekoei: “Alde nigandik, madarikatuok, deabruarentzat eta haren lagunentzat prestaturik dagoen betiko sura. Gose bainintzen, eta ez zenidaten jaten eman; egarri, eta ez zenidaten edaten eman; arrotz, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik, eta ez ninduzuen jantzi; gaixorik eta espetxean nengoen, eta ez zineten ni ikustera etorri”. Haiek erantzungo diote: “Jauna, noiz ikusi zintugun goserik edota egarri, arrotz edota biluzik, gaixorik edota espetxean, eta guk lagundu ez?”. Hark erantzungo die: “Benetan diotsuet: txikien hauetako bati egin ez zeniotena, neuri ez zenidaten egin”. Eta hauek betiko zigorrera joango dira; zintzoak, berriz, betiko bizira».
Mateo 25, 31-46.
Behin betiko epaitzearen iruditeriaz baliatzen da pasarte hau, irizpide nagusi batzuk azpimarratzeko. “Gizonaren Semea” etorriko omen da. Gainera, epaile gisa. Gizonaren Semea, hau da: gizakia bere izaera osoan, bere guztia sakonki orekatua edo lortua duenean. Horretara ere iritsiko baikara.
Epaile gisa? Hobe, Irizpide Argitzaile gisa: balioa zerk duen eta kaltegarria zer den. Zertan garen ongile, zertan gaizkile.
Asmatutako eszena honekin azaldu nahi zaigu geure gizatasunetik jainkotasuna ere antzemango dugula; “etorriko zaigula”. “Jaitsi”, ala barneratu. Eta epai bat bezain bideratua geratuko zaigula, ia atzera-bueltarik gabe. Denontzat. Baita Ebanjelioaren berri ez dutenentzat ere. Garai batekoak, zein bestekoak. Horregatik “herri guztiak” batean bilduta daudela esaten da.
“Aingeruekin” etorriko omen da. Aingeruek nolabait presentzia lausotu egiten dute, laino tartetan balira bezala. Bizi dugun errealitate lausotu honetan azalduko baitzaigu.
Sumarioaren gai nagusia ongiak, maitasunak, zerbitzuak, errukiak, babesak eta antzeko giza jarrerak osatuko dute…
Ez da esaten hori guztia zenbat denboran egingo den. Iraunkorki?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments