HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 25

Aldi hartan, saduzear batzuk hurbildu zitzaizkion Jesusi (saduzearrek ez dute onartzen hildakoak pizten direla), eta galdetu zioten: «Maisu, Moisesek idatzi zigun: “Norbaiti anaia ezkondua seme-alabarik gabe hiltzen bazaio, ezkon bedi alargunarekin, anaiari ondorengoa emateko”. Baziren, bada, zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme alabarik gabe hil zen. Bigarrena eta hirugarrena alargunarekin ezkondu ziren, eta zazpiak berdin. Eta denak semealabarik gabe hil ziren. Azkenik, hil zen emakumea ere. Piztuerakoan, zeinen emazte izango da, zazpiek izan baitzuten emazte?». Jesusek erantzun zien: «Mundu honetan gizon-emakumeak ezkondu egiten dira; baina datorren munduan eta hildakoen piztueran parte hartzeko Jainkoak gai aurkituko dituenak, gizaseme nahiz emakume, ez dira ezkonduko; izan ere, ez daitezke hil, aingeruak bezalakoak baitira eta Jainkoaren seme-alaba, piztueran parte dutenez gero. Gainera, hildakoak pizten direla Moisesek berak adierazten du, sutan zegoen sasiaren pasartean, Jaunari “Abrahamen Jainko, Isaaken Jainko eta Jakoben Jainko” deitzen dionean. Ez da hildakoen Jainko, biziena baizik, denak bizirik baitaude harentzat». Orduan, legemaisu batzuek esan zuten: «Maisu, ederki esan duzu». Eta ez ziren ausartzen beste galderarik egitera.

Lukas 20, 27-40.

Eszeptiko dotoreak ziren eztabaidatzera Jesusengana hurreratzen diren saduzearrak. Fariseuen aurkako talde osatzen zuten. Judutar gizartean berenganatua zuten goi-maila ekonomiko eta boteretsuagatik, nola ez ba bihurgune eta trikimailuen bilatze-zale izan! Ez zitzaien interesatzen egia-egien bila jardutea, baizik gaur egun bezala gerra kognitiboak sustatzea. Jerusalemen ongi kokatuta zeuden, eta aginte politikoa zein erlijiosoa euren esku.

Xaxatze aldera, eta ustez errealismoz, gizon eta emakumeen arteko harreman zailen gaia aurkezten dute. Bi jeneroen arteko eskubide desberdinek sor ditzaketen desorekaz. Jesusek erantzun erraz eta soilera jotzen du: denok Jainkoaren sustraiko izanik, berdintasuna lehenetsi behar da gizon-emakumeen artean.

Are gehiago, giza eboluzioa biziberritze edo pizkunderantz doa. Bizi berri horretan sexuak baino maitasunak hartuko du lehentasun handiagoa. Ardatz bilakatuko da maitasuna.

Baina oraindik maitasun harremanak gozagarri bezain nahaspilatsu suertatzen dira. Jesusek iragarritakoa lortuko da? Gure ekinbideen artean gizon-emakumeen arteko berdintasuna, maitasuna eta errespetua irizpide/altxor morala babestea ezinbesteko dugu.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude