PEDRO CASALDALIGA PLA, CMF (Balsareny, Catalunya 1928/02/16-São Félix do Araguaia, Brasil 2020/08/8)

2023 Aza 23

Pedro edo Pere Casaldaliga, klaretar misiolari, poeta, mistiko, iraultzaile, gotzain eta abar luzea… eta, askorentzat kristau fedean bidelagun denari, egokitu zaio Egunean Eguneko Ebanjelioa 2024 liburutxoko azala eta sarrera hartzea.

Garai hartan, ohi bezala, 17 urterekin klaretar kongregazioan sartu zen. Klaretar misiolarien ikasketak amaitu eta gero, Montjuïc-en, Barcelonan, apaiztu zen 1952an. 1968. urtea arte ministeritza batzuk burutu zituen Sabadell, Barbastro, Barcelona eta Madrilen. Urte horretan, Vatikano II.a kontzilioa bukatu berritan, São Félix do Araguaian (Brasilgo Mato Grosso estatuan) klaretar misioa fundatu zuen.

 Hiru urte han emanik, 1971n, bertako Prelaturako gotzain izendatu zuen san Paulo VI.a aita santuak. Lurralde hartako herria oso zapalduta zegoen, lurjabe eta jauntxo handien mesedetan. Gainera, estatuak ez zuen bermatzen osasun eta hezkuntza sistemarik. Komunikatzeko baliabiderik gabe eta pobrezia izugarriarekin,  Casaldaligak eta beraren lagun klaretarrek jende xumearekin bizi nahi dute; gainera, ebanjelioa inkulturatu beharra sentiturik herriko parte dira. Ezin dute jasan egoera bortitza, eta ahulen defentsan gogorjartzen dira. Errealitatea injustiziaz betea daukate aurrez aurre, eta heriotza eta desberdintasuna sortzen duen sistema oso boteretsua da.

Bere gotzain ordenazio egun berean idatzi zuen 80 orriko lehenengo gutun pastorala, gero sasian, ezkutuan, zabalduko zena Brasil osoan: “Amazoniako Eliza bat latifundio eta sozial bazterketarekin gatazkan”. Bertan datu estatistikoekin salatzen ditu latifundistak, izen eta guzti; baita hainbat enpresa handi ere. Sentsibilitate eta kezka hori izango da beti Pedroren gotzain ministeritzaren jomuga bat, bere pastoraltzan, olerkigintzan, konpromiso sozialean eta abarrean.

Bere bizitza luzean temati, gogor eta erradikala izango da, baina umore askorekin. Irribarretsu, utopiko eta mistiko, batez ere bere poesiagintzan emango du bere ametsen berri. Giro bortitz hartan, martiri artean, askotan izan zen mehatxatua, heriotza-mehatxu ugari jaso zuen.  Gogoratu besterik ez dago, Paulo VI.ak esan omen zuena: “Pedro ukitzen duenak Paulo ukitzen du”. Hala eta guztiz, hainbat urtetan zehar beraren lagun eta lankide batzuk martiri hil ziren.

“Dom Pedro” bezala ezagutzen zuten, eta Brasilgo eta Latinoamerikako Behartsuen Elizaren ordezkari garrantzitsuenetarikotzat hartua izan da. Askapen Teologiak erasoa jasan izan zuenean, beti ateratzen zen alde. Indigenen aldeko plataforma askotan ere esku hartu zuen; batez ere, Amazoniako Elizaren kontseilu eta batzordekide izanik, beti izan zen bultzagile behartsuen, nekazarien, indigenen eskubideen eta duintasunaren alde CIMIn eta CPTn.

Egia esan, hil baino lehen, omenaldi, doktoretzak eta sari pilo bat jaso ditu, bai Brasilen eta Latinoamerikan, bai Europan ere.

Dena dela, Araguaia ibai ertzeko hilerrian lurperatua izatea nahi izan zuen, nekazari behartsuen eta indigenen artean. Bere bizitza horiekin partekatu zuen; orobat, euren defendatzaile gartsua izan zen; orain heriotzan euren ondoan datza beraren gorpu txikitua eta ahitua.

Benetan oso estimatua eta oso baztertua izan da; beraren hitz eta  ekintza guztiak ez ziren zuzenak izango, noski, baina…. Dena dela, askok profetatzat daukagu Amazonia zabalean, eliza unibertsalean eta mundu sufrituan. Beraren espiritua Jesusen Espirituarekin bakean elkartu da behingoz. Bake horrek eraman gaitzala gu ere Jesusen eta Pereren urratsen atzetik, eta bake horrek ez gaitzala inoiz bakean utz, Jainkoaren Erreinura iritsi arte.

Berak idatzitako liburu piloaz eta berari buruzko liburuez gain, aipagarria da telesail bat TV3 kateak ekoitzitakoa 2013an: “Descalzo sobre la tierra roja” (Oinutsik lur gorri gainean). Francisco Escribanok idatzitako izen bereko liburuan oinarritua.

Amaitzeko, jarraitzen dut  partekatzen zuokin azken urteotako berri ona: 2022ko urtarriletik aurrera martxan da otoi.eus  gure webgunea, “fedea eta espiritualtasuna gure hitzetan”, dakizuen bezala, jesuitei eta kolaboratzaile talde zabal bati esker; baita sallebarne.eus webgunea ere, “fedea gure ahotsean”. Iparraldean fedeola.eus martxan dago, otoitz, kantu, bertso eta abarrekin hornitua.

On egin eta adiorik ez!

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude