HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 23

Aldi hartan, Jesus, Jerusalemera hurbildu eta hiria ikustean, negarrez hasi zen berarengatik, eta esan zuen: «Ai Jerusalem, ulertuko bazenu zuk ere gaur bakerako bidea! Baina ez zara gauza hori ikusteko. Etorriko zaizu, bai, zeure etsaiek lubakiz inguratu, setiatu eta alde guztietatik erasoko dizuten garaia; txikitu egingo zaituztete zu eta zure bizilagunak; eta ez dizute harririk harri gainean utziko, Jainkoak eskaini dizun salbamen-aukera aintzat hartu ez duzulako».

Lukas 19, 41-44.

Zergatik penatu eta negar egin zuen gaizkile gisa mespretxatu eta heriotzara eramango zuen hiriaz? Ba, oroz gain, Jerusalemi ere bere maitasunean toki adeitsua egiten ziolako. Hiri Santua izateko mendi gainean eraikitakoa, ikusgarri izango zena… porrot hutsean laster txikitua geratuko zen. Gatza bizigarri izan behar bazuen, gaitz hilgarri bilakatua. Suntsitua izango zela agian Jesus berak aurreikusi zuen, artean jauregi eta tenplu ederrez ardaztua zena, baina birrindua izateko ia bezperatan.

Judutarrek, nagusitasun horretaz liluraturik, ez zuten barnerako bidea egin. Sentsibilitatearen ordez, harrotasun irmoa. Hortik haien beste guztiak gainetik begiratu eta mespretxatzea. Jesusek, bestalde, errukitu egiten denez, hitz maitekorrak eskaintzen dizkie.

Nola ez ote da Bera harik eta hurbilago egongo gure porrot eta akatsetan? Gugan konfiantza jarria du, eta desbideratzen garenean senti dezagun beragandik hitz ederrak eta itxaropena jaso ditzakegula.

Geu ere errukitsu izan gaitezen beherantz doazen egoera, erakunde, talde eta pertsonekin. Ez diezaiogun porrot bakoitzari min eta pena gehiago erantsi.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude