HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 21

Aldi hartan, Jesus Jerikon sartu eta herrian barna zihoan. Bazen han Zakeo izeneko gizon bat, zergalari-buru zena, oso aberatsa. Jesus zein zen ikusi nahirik zebilen Zakeo, baina ezin zuen jendetzagatik, txikia baitzen. Lasterka aurrera joan eta pikondo batera igo zen Jesus ikusteko, handik igaro behar baitzuen. Jesusek, toki hartara iristean, gora begiratu eta esan zion: «Zakeo, jaitsi berehala, gaur zure etxean gelditu behar dut eta». Berehala jaitsi zen eta pozik hartu zuen etxean. Hori ikusirik, denak marmarka hasi ziren: «Bekatari baten etxera joan duk ostatuz». Zakeok, ordea, zutik jarrita, esan zion Jaunari: «Jauna, neure ondasunen erdiak behartsuei emango dizkiet eta, inori ezer ostu badiot, lau halako bihurtuko diot». Jesusek esan zion: «Gaur iritsi da salbamena etxe honetara, hau ere Abrahamen ondorengoa baita. Izan ere, Gizonaren Semea galdua zegoena bilatzera eta salbatzera etorri da».

Lukas 19, 1-10.

Zakeok bertatik ikusi nahi zuen Jesus. Ez zebilen, jakina, gaur egun pantaila desberdinei begiratzeko irrikei lotuta. Zergatik eta zertarako nahi zuen zergalari hark Jesus ikusi? Ez zen ikuste hutsa izango, nahiz eta beste askori soilik hori interesatu. Zuhaitz gainean begiratokia prestatu eta hara igo zen. Jesus ikusiz, beragandik zerbait berezia ezagutzeko jakin-goseak zegoen. Bada zenbaitetan aukeratzen duguna besterik ez dugula ikusten, zeri begiratu erabakitzean: non gogoa, han zangoa.

Jesusek, beste behin ustekabez, zuzeneko eskari-agindua ematen dio: “jaitsi berehala”. Aurrerantzean ulertzekoak ulertzeko oinak lurrean izan behar, esango balio bezala. Edo: hasi abian eta ezagutzan sakonduko duzu. Ez soilik hitz eginez, galdetuz, bilatuz. Murgildu zaitez zu zaren horretara. Horretarako doa Jesus bere etxera eta bere girora. Berarekin batera izatekoa eskutan jarri eta nor/nora/zertara bideratu partekatzera.

Gaurko ebanjelio-pasarte honek besteren artean zera iradokitzen digu: itzuli begirada zugana. Nola ikusten dut neure burua? Nola ikusten nau Jesusek?

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude