HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 20

Aldi hartan, Jesus Jerikora hurbildu zelarik, itsu bat zegoen eskean bide-ertzean eseria. Jendea igarotzen sumaturik, zer zen hura galdetu zuen. Jesus Nazaretarra igarotzen zela jakinarazi zioten. Orduan, deiadarka hasi zen: «Jesus, Daviden Seme, erruki zakizkit!». Aurrean zihoazenek gogor egiten zioten isilarazteko; baina hark oihu handiagoz: «Daviden Seme, erruki zakizkit!». Jesusek, gelditurik, beregana ekartzeko agindu zien. Hurreratu zenean, galdetu zion: «Zer nahi duzu Nik zuri egitea?». Itsuak erantzun: «Ikus dezadala, Jauna!». Jesusek esan zion: «Ikusi, bada; zeure sinesmenak sendatu zaitu». Berehala ikusmena berreskuratu zuen eta Jesusen ondoren zihoan, Jainkoa goretsiz. Eta herri osoak, gertatua ikusirik, Jainkoa goratu zuen.

Lukas 18, 35-43.

Hiriko sarreran zegoen itsua, ez ikusteaz gain, ingurukoentzat garrantzirik gabeko bakarti bat zen. Ohituta zeuden alboratuta ikusten. Hala ere, bera pasabide ondoan finkatzen zen, aldendu gabe. Jesusen taldea trinko zetorrela eta, ikusi ezin zuenez beste bi baliabide darabil: entzumena eta hitza. Entzutea, ikusterik ez duelako. Eta ahotsak bide ematen dio entzuna izatea lortzeko. Ez lehenengo aldian, baizik behin eta berriz oihukatuz. Horrela duen arazoa konpondu daitekeela jakinaraziz.

Eta gu, Jainkoarekiko harremana denbora luzean ulertezin egiten zaigunean, zer? Ba ote dugu argitzeko baliabiderik? Eta geure hutsune eta akats sakon batzuk senti-ezin ditugunean, zer?

Espirituaren aurrerakadaz ohartzen ez bagara, apurka-apurka barne itsutasuna garatzen joaten zaigu. Nola ohartu ezin-ulertuak, ezin-onartuak eta antzeko egoera desorekatuak gaina hartzen ari zaizkigula? Nola asmatu geldialdi bat egin eta behar den arreta jartzea?

Itsuarengandik gureganatu dezakegu bigarren aukeretara jo beharko dugula ohiko jarrera espiritualek huts egiten digutenean. “Itsu” askoren ahots mutua heltzen ari zaio gaurko espiritualtasunari.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude