HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 19
Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien ikasleei: «Gizon batek, urrutira joaterakoan, bere morroiei dei egin eta bere ondasunak utzi zizkien. Bati bost talentu eman zizkion, beste bati bi, beste bati bakarra; bakoitzari bere trebetasunaren arabera. Eta gero joan egin zen. Bost talentu hartu zituena haiekin lanean hasi zen berehala, eta beste bost irabazi zituen. Bi hartu zituenak ere gauza bera egin zuen, eta beste bi irabazi zituen. Bat hartu zuenak, ordea, lurrean zuloa egin eta han gorde zuen bere nagusiaren dirua. Handik luzarora, etorri zen morroi haien nagusia, eta kontuak garbitzen hasi zitzaien. Hurbildu zen bost talentu hartu zituena, eta beste bost eraman zizkion, esanez: “Jauna, bost talentu utzi zenizkidan; begira, beste bost irabazi ditut”. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi zintzoa eta leiala! Gauza txikian leial izan zarelako, askoren buruzagi egingo zaitut; sartu zeure nagusiaren festa ospatzera”. Hurbildu zen bi talentu hartu zituena, eta esan zion: “Jauna, bi talentu utzi zenizkidan; begira, beste bi irabazi ditut”. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi zintzoa eta leiala! Gauza txikian leial izan zarelako, askoren buruzagi egingo zaitut; sartu zeure nagusiaren festa ospatzera”. Azkenean, hurbildu zen talentu bat hartu zuena, eta esan zion: “Jauna, banekien gizon zorrotza zarela; erein ez duzun tokian igitatzen, eta zabaldu ez duzun tokian biltzen duzuna. Beraz, beldurrez joan nintzen, eta lurpean gorde nuen zure talentua. Hemen duzu zeurea!”. Nagusiak erantzun zion: “Morroi gaizto eta alfer hori! Bahekien, beraz, erein ez dudan tokian igitatzen dudala nik, eta zabaldu ez dudan tokian biltzen. Horregatik, nire dirua dirutrukatzaileei utzi behar hien, nik, etortzean, irabazi eta guzti jaso nezan. Ken iezaiozue, bada, talentu hori, eta eman hamar dituenari. Duenari eman egingo baitzaio, eta gainezka izango du; ez duenari, berriz, duen hura ere kendu egingo zaio. Eta morroi alfer huts hori bota kanpoko ilunpera. Han izango da negarra eta hortz-karraska!”».
Mateo 25, 14-30.
Jainkoak bere proiektua gure eskuetan utzi du. Ez du ezer egin nahi gu gabe. Badaki gutako bakoitzak nolako gaitasuna dugun eta, hala ere, bere proiektua gure eskuetan uzten du. Gugan jartzen duen konfiantza guk beregan jartzen duguna baino askoz handiagoa da.
Sarritan guri horrek beldurra ematen digu: zeregina handia da eta gu ez gara gauza proiektu hori gure gainean hartzeko. Nork bermatzen digu asmatuko dugula? Eta, kontuak eskatzen dizkigunean, gure erabakiak gogoko ez baditu? Hobe, beharbada, ezertan ez sartzea eta, besterik gabe, “onak” izatea, hau da, inori kalte handirik egin gabe bizitzea.
Baina, horrela pentsatuta, oker gabiltza. Jainkoak ez digu arrakastarik eskatzen, saiatzea baizik. Ahalmen txikia eman digu eta mundua milimetro bat aurrera bultzatzea ere ezinezkoa dugula dirudi, baina gure ahaleginaz, berak jasoko du inork erein ez duela dirudien lekuan, eta uzta guk erein genezakeena baino askoz handiagoa izango da.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments