HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 18
Aldi hartan, etengabe egin behar zutela otoitz eta ez zutela etsi behar adierazteko, Jesusek parabola hau esan zien: «Bazen hiri batean epaile bat, ez Jainkoari beldurrik, ez gizakiari begirunerik ez ziona. Bazen hiri berean emakume alargun bat ere. Hau epaile harengana joaten zen, eskatzera: “Egidazu justizia aurkariarekiko auzian”. Luzaroan epaileak ez zion kasurik egin nahi izan, baina azkenean bere baitan esan zuen: “Ez diot Jainkoari beldurrik, ez gizakiari begirunerik; baina, alargun hau gogaikarri zaidanez, egingo diot justizia, behingoz bakean utz nazan”». Eta honela bukatu zuen Jaunak: «Begira zer dioen epaile zuzengabeak. Eta Jainkoak, ez ote die justizia egingo, gau eta egun deiadarka ari zaizkion bere aukeratuei? Zain edukiko ote ditu luzaroan? Justizia berehala egingo diela diotsuet. Baina Gizonaren Semeak, datorrenean, aurkituko ote du sinesmenik munduan?».
Lukas 18, 1-8.
Emakume alargunak ez zuen nork lagundu. Bibliaren tradizioan baztertuen eta zapalduen sinboloa da. Pasarte honetan justizia eske ari zaio epaile zuzengabeari; eta guri dagokigunez, gure gizartean oinarrizko eskubideak eskatzen dituzten baztertu eta zapaldu guztien sinbolotzat har genezake. Etorkinak, etortzeko bidean hiltzen direnak, kalean lo egiten dutenak, bakarrik bizi diren pertsona nagusiak, eraso matxistak jasaten dituzten emakumeak, duten sexu orientazioagatik baztertzen eta zigortzen ditugunak… Jainkoa horien guztien ahots eta bizitzetan ari zaigu oihuka, justizia eske: “Txiki hauei egiten diezuena, neuri egiten didazue”.
Jainkoak justizia egingo die, bai, baina gure bidez. Hain zuzen ere, Jesusek munduan espero duen sinesmena horretan datza: azkenekoetan Jainkoak egiten digun oihuari erantzutean, alegia. Eta horretarako behar dugu otoitza, oihu hori entzun eta bereizteko, batetik, eta erantzuteko indarra edukitzeko, bestetik. Egin dezagun otoitz, bada, gau eta egun, etengabe, deiadarka diharduten Jainkoaren aukeratuei justizia eginez, Haren proiektuan lagundu ahal izateko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments