HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 17
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Noeren garaian bezala gertatuko da Gizonaren Semearen garaian ere: jan-edanean zebilen jendea eta ezkondu egiten ziren gizon -emakumeak, Noe ontzian sartu zen eguna arte; baina etorri zen uholdea eta denak galdu zituen. Gauza bera gertatu zen Loten garaian ere: jan eta edan, erosi eta saldu, landatu eta eraiki egiten zuen jendeak; baina, Lot Sodomatik atera zen egunean, su eta sufrezko euria egin zuen zerutik eta denak galdu zituen. Hala gertatuko da Gizonaren Semea agertuko den egunean ere. Egun hartan, etxe gainean egon eta bere gauzak etxean dituena ez bedi hartzera jaitsi; eta, era berean, soroan dena ez bedi atzera itzuli. Oroitu Loten emazteaz. Bere bizia beretzat gorde nahi duenak galdu egingo du; galtzen duenak, berriz, onik aterako du. Nik diotsuet: gau hartan bi lagun egongo dira ohe berean: bata hartuko dute eta bestea utziko; bi emakume ariko dira batera ehotzen: bata hartuko dute eta bestea utziko». Ikasleek galdetu zioten: «Non izango da hori, Jauna?». Jesusek erantzun zien: «Sarraskia non, han bilduko dira putreak».
Lukas 17, 26-37.
Bibliaren tradizioan esaten zaigunez, Jainkoak esku hartzen du injustizia, indarkeria eta norberekoikeria nagusitzen direnean: zigorrak ezarri eta gauzak zuzentzen ditu, Noeren edo Loten kasuan egin zuen bezala. Ebanjelioaren pasarte honetan Jesusek horri buruz hitz egiten digu; eta gutxienez gauza bi esaten dizkigu:
Alde batetik, tradizio hori berretsi egiten du: Jainkoak historia eten eta gauzak beren lekuan jarriko ditu. Ez dakigu noiz, ez nola, baina azkenean denak zentzua izango du.
Eta bestetik, hori Jesus agertzean gertatu da eta gure bidez ere gauzatuz joango da. Jesus aurkituta, ez da berdin jarraitzea edo ez jarraitzea, ez da gauza bera iragartzen zituen balioak lantzea eta ez lantzea, itxuraz antzeko egoeretan gauden arren. Modu batera, Jainkoaren proiektuan lan egiten egongo gara; alderantziz jokatuta, Jainkoari kontra egingo diogu. Eta giltza Jesus da, Gizonaren Semea. Utz diezaiogun gure bizimodua pixkanaka aldatzen eta, hari jarraika, egin dezagun Jainkoaren proiektuaren aldeko lana.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments