HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 16
Aldi hartan, Jainkoaren erreinua noiz iritsiko zen galdetu zioten fariseuek Jesusi. Honek erantzun zien: «Jainkoaren erreinua ez da nabarmen etorriko. Ezin esango da: “Hona hemen” edota “hara han”; zeren Jainkoaren erreinua zuen artean baitago jadanik». Gero, ikasleei esan zien: «Iritsiko da garaia, Gizonaren Semea etorri osteko egun bat bederen ikusi nahi izango duzuena, eta ezin izango duzue ikusi. Orduan, “hona hemen”, “hara han” esango dizuete. Baina zuek ez joan, ez atera atzetik lasterka. Izan ere, tximistak une batean zerualde batetik besteraino argi egiten duen bezala, hala izango da Gizonaren Semea etorriko den egunean. Baina aurretik asko sufritu behar du, eta gizaldi honek gaitzetsi egingo du».
Lukas 17, 20-25
Jesusen garaiko juduek Jainkoaren erregetza modu ikusgarrian gauzatuko zela uste zuten. Guk badakigu ez zela horrela gertatu; eta hil ondoren gertatuko den zerbait dela pentsatzeko joera izaten dugu maiz. Jesusek, aldiz, ezetz esaten digu, bai haiei eta bai guri: “Jainkoaren erregetza zuen atean dago”.
Jainkoaren erregetza gizakien arteko harremanak Jainkoak nahi dituen bezalakoak direnean gauzatuz doa. Eta daukagun erreferentzia bakarra Jesus da. Zaila izaten da, askotan, erregetza hori eraikitzen aritzea, Jesus gaur egun ez baitugu zuzenean ikusten. Inork ez digu kenduko erabakiak hartzeko lana eta erantzukizuna. Baina, zaila izan arren, erabaki bakoitzean, urrats bakoitzean, Jesusek gure lekuan zer egingo lukeen pentsatu eta horixe egiten badugu, Jainkoaren erregetza gure artean gauzatuz joango da. Beste inork ezin digu esan “honela egiten da” edo “erregetza honetan datza”, Jesusek bakarrik iradoki ahal digu. Eska dezagun erabakitzeko argia eta aurrera egiteko indarra. Guk behintzat ez dugu gaitzetsi nahi.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Eskerrik asko testua ulertzeko laguntzagatik
Egunero bai behar dut Jesusen jakinduria elkarlanean, familia harremanetan, arazoei eta eragozpenei aurre egiteko.
Jesus, emadazu argia zure moduan jokatzeko
Jesus, emaiezu argia politikoei, agintariei Jainkoaren jakinduria aplikatzeko bere erabaki etan, erregetza hel dadin sufritzen direnengana,
Jesusek gure lekuan zer egingo lukeen pentsatu eta horixe egiten badugu,…