HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 15
Aldi hartan, Jesus Jerusalemera bidean, Samarian eta Galilean barna zihoan. Herrixka batean sartzean, hamar legenardun atera zitzaizkion bidera. Urruti gelditurik, deiadarka esan zioten: «Jesus, Maisu, erruki zakizkigu!». Jesusek, ikustean, esan zien: «Joan eta azaldu apaizengana». Bidean zihoazela, garbi gelditu ziren. Haietako bat, sendatua zegoela oharturik, Jainkoa deiadarka goratuz itzuli eta Jesusen oinetara ahuspez erori zen, eskerrak emanez. Samariarra zen bera. Jesusek esan zuen: «Ez al dira hamarrak garbi gelditu? Non dira beste bederatziak? Ez al da izan atzerritar hau besterik Jainkoa goratzera etortzeko?». Gero, esan zion: «Jaiki eta zoaz; zeure sinesmenak salbatu zaitu».
Lukas 17, 11-19.
Legenardunak ezin ziren gainerako pertsonekin bizi. Gizartetik bazterturik zeuden eta debekatuta zeukaten gainerakoengana hurbiltzea. Arau hori, gainera, ez zen osasun arau hutsa, herriko besteak ez kutsatzeko jarria, alegia; erlijio araua zen: legena zeukaten… bekatariak zirelako. Jesusek gaixotasuna kendu zienean ere, ez zien osasun mesedea bakarrik egin. Gizarte barrura sartu zituen berriro eta galdua zuten izen ona itzuli zien.
Haietako bat, berriz, beste guztiak baino baztertuago zegoen: atzerritarra zen, samariarra, juduek mespretxatzen zuten herrikoa, hain zuzen ere. Eta huraxe itzuli zen, Jainkoa goratuz, Jesusengana, eskerrak ematera. Jainkoak baztertuenengandik eta baztertuenengan deitzen digu oihuka. Eta fedea haiengan eta haien alde erantzutean datza. Gure konfiantza gizarteak baztertu, zigortu eta abandonatzen dituen horien etorkizunean jartzen badugu, agian guk ere Jesusen hitzak entzungo ditugu: “zeure sinesmenak salbatu zaitu”.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Bihotza esperantzaz betetzeko bultzada polita, gaurko iruzkina. Mila esker!