HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 12
Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien ikasleei: «Zeruetako erreinuarekin, beren kriseiluak eskuetan hartu eta senargaiari bidera irten zitzaizkion hamar neskatxekin bezala gertatzen da. Neskatxetako bost zentzugabeak ziren eta bost zentzudunak. Kriseiluak hartzean, zentzugabeek ez zuten oliorik hartu; zentzudunek, ordea, kriseiluekin batera olioa ere hartu zuten ontzietan. Senargaiak luzatzen zuenez, logaletu egin ziren denak eta loak hartu zituen. Gauerdian oihu bat entzun zen: “Badator senargaia; irten zakizkiote bidera!” Jaiki ziren neskatxa guztiak, eta beren kriseiluak prestatu zituzten. Orduan, zentzugabeek esan zieten zentzudunei: “Emaguzue olio-pixka bat, kriseiluak itzaltzen ari zaizkigu eta”. Zentzudunek erantzun zieten: “Ea ez dugun nahikoa geuretzat eta zuentzat; hobe duzue, badaezpada, dendara joan eta erosi”. Baina, erostera joanak zirelarik, senargaia iritsi zen, eta prest zirenak ezteietara sartu ziren harekin. Eta atea itxi zuten. Iritsi ziren, azkenik, beste neskatxak ere eta dei egin zuten: “Jauna, Jauna, ireki!” Baina hark erantzun zien: “Benetan diotsuet, ez dakit nor zareten”. Egon, beraz, erne, ez baitakizue, ez eguna, ez ordua».
Mateo 25, 1-13.
Gure fedeak, sarritan, kultura testuinguru desegokian biziraun behar du, non egozentrismoa, hedonismoa eta arrakasta soziala balore normalizatuak eta ukaezinak diren. Gure bihotza, egunero, Kristoren banderakoak ez diren beste jaun batzuek zirikatzen dute.
Jesusen jarraitzaile zentzuduna da Jainkoaren maitasunak mugitzen duena; maitasun horren esperientziaren ondorioz , Jaunaren bila joan eta zain egoteko jarrera azkarra eta zuhurra dauka.
Gaurko Ebanjelioak Jesusen fededunoi gure jarraipenaren zergatiaren inguruan galdetzen digu. Maiteminduta daudelako zuhur jokatzen duten birjinak bezalakoak gara? Jarraitzaile zuhurrak izan nahi badugu, Bizitzaren Jauna gure ondotik pasatzen denean, harrera egiteko prest egon beharko dugu, gure bihotzak Jainkoarekin maiteminduta egon daitezen zaindu beharko dugu. Egunero.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments