HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 11
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Irabaz itzazue adiskideak bidegabeko diruaz; horrela, dirua amaitzean, betiko bizilekuan hartuko zaituzte Jainkoak. Gauza txikietan fidagarri dena, handietan ere fidagarri da, eta gauza txikietan zuzengabe dena, handietan ere zuzengabe. Bidegabeko dirua erabiltzen fidatzekoak izan ez bazarete, nork utzi zuen esku egiazko ondasuna? Zeuena ez duzuen aberastasunarekin fidatzekoak izan ez bazarete, nork eman zuei benetan dagokizuena? Ezin da morroi bat bi nagusiren zerbitzari izan. Izan ere, bata gorroto izango du, eta bestea maite; edota bati leial izango zaio, eta bestea ez du aintzat hartuko. Ezin zarete izan Jainkoaren eta diruaren morroi». Entzun zuten hau guztia fariseu diruzaleek, eta barre egiten zioten Jesusi. Honek esan zien: «Zuek zeuen burua zintzo agertzen duzue jendearen aurrean, baina ezagutzen du Jainkoak zuen barrua; izan ere, gizakiak baliotsutzat daukana, Jainkoarentzat mespretxagarri da».
Lukas 16, 9-15.
Kontsumoa, ekoizpena eta aberastasuna garapen eta osotasun pertsonalerako beharrezko bitartekoak direlako ideia globalizatu duen kultura batean bizi gara. Ez gara gutxi ideia honetan eroso bizi garen kristauak, beste gai moral batzuek –bereziki sexualek– sortarazten dizkiguten eskandalurik sortzen ez digutelako.
Jesusek gaur argi eta garbi esaten digu ezin ditugula bi jaun (Jainkoa eta dirua) aldi berean zerbitzatu.
Gaurko Hitzak Jesusen jarraitzaileak aukera baten aurrean jartzen gaitu: Jainkoa edo dirua. Hautatu beharra dago, ez hautatzea aukera bat delako. Mezatara joan eta aitortu gaitezke, gure parrokia edo taldeko jarduera guztietan izena emanda egon gaitezke, pobreen alde lan egiten duten erakundeei dirua eman diezaiekegu. Baina behar materialak dituzten pertsonez inguratuta bizitzen ikasi badugu, horrek gugan eraginik izan gabe, Jainkoa gure jaun bakarra den ala ez galdetu beharko diogu geure buruari.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments