HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 10

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Gizon aberats batek etxezain bat zuen, eta hau ondasunak alferrik galtzen ari zitzaiola salatu zioten. Deitu eta esan zion: “Zer da zutaz entzun dudan hori? Emadazu etxezaintzaren kontu, kargutik bota egiten zaitut eta”. Etxezainak, orduan, hau zioen bere baitan: “Zer egin behar dut nik orain, nagusiak kargua kentzen didanez gero? Aitzurrerako ez naiz gauza, eta eskerako lotsa naiz. Badakit zer egin, kargutik botatzen nautelarik etxean nork hartu izan dezadan”. Banan-banan bere nagusiaren zordun guztiei deitu eta lehenengoari galdetu zion: “Zenbat zor diozu nire nagusiari?”. Hark erantzun: “Ehun upel olio”. Etxezainak, orduan: “Hona zeure ordain-agiria; agudo, eseri eta idatzi berrogeita hamar”. Gero, hurrengoari galdetu zion: “Zuk zenbat zor diozu?”. Hark erantzun: “Ehun anega gari”. Etxezainak, orduan: “Hona zeure ordain-agiria; idatzi laurogei”. Eta nagusiak txalotu egin zuen etxezain zuzengabe hura, zuhur jokatu zuelako. Izan ere, mundukoak zuhurrago dira beren arteko arazoetan, argitakoak berenetan baino».

Lukas 16, 1-8.

Batzuetan, fededunok nolabaiteko inozentziaz fidatzen gara Jainkoaren botereaz, haren erreinua gizateriaren historian zehar eraikitzen joan dadin. Are gehiago, badirudi, hainbesterainoko konfiantza dugula, bere eskuetan utzi dugu ekimen osoa.

Gaur Jesusek gauzak ez direla bere tokira berez iristen gogorarazten digu; senidetasunezko bidezko gizarte hori aurrera atera nahi badugu, gure sormena martxan jartzeko erantzukizuna ezinbestekoa dugu.

Jainkoaren seme-alaba guztiei haren erregetzaren berri helarazteko gonbidapenari baiezkoa emateko, Jainkoaren erreinuaren dinamikak gizartean izan behar duen norabidea aurreratzeko azkartasuna behar dugu. Gure kulturarekin mantendu behar dugun etengabeko solasean, burua argi behar dugu, baldin eta egon daitezkeen aukerez konturatu eta aprobetxatu nahi badugu.

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude