HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 9
Aldi hartan, hurbil zen juduen Pazko-jaia, eta Jesus Jerusalemera igo zen. Tenpluan idi-, ardi- eta uso-saltzaileak aurkitu zituen, eta dirutrukatzaileak han eserita. Jesusek, lokarriz zartailua eginik, bota egin zituen denak tenplutik, baita ardiak eta idiak ere, eta tratularien diruak sakabanatu eta mahaiak irauli zituen. Uso-saltzaileei esan zien: «Ken horiek hortik! Ez bihurtu azoka-etxe nire Aitaren etxea». Ikasleak idatzirik dagoenaz gogoratu ziren: «Zure tenpluaren maiteminak sutu nau». Orduan juduek galdetu zioten: «Zer ezaugarri ematen diguzu hori egiteko?». Jesusek erantzun zien: «Desegin ezazue tenplu hau, eta hiru egunean jasoko dut». Juduek erantzun zioten: «Berrogeita sei urte behar izan ziren tenplu hau eraikitzeko, eta Zuk hiru egunean jasoko duzula?». Hura, ordea, bere gorputzaren tenpluaz ari zen. Hilen artetik berpiztu zenean, gogoratu ziren ikasleak esandako honetaz, eta sinetsi zuten Liburu Santuetan eta Jesusek esandako hitzean.
Joan 2, 13-22.
Behin eta berriro kritikatzen da gure Eliza, ekintzak haren jokamoldea izan beharko lukeenetik urruti bideratu duelako. Elizan, egindako ankerkeriak alde batera utzita, batzuetan giza logika sendoegiekin funtzionatzen dugu.
Gaur Jesusek tenplua azoka bihurtu dela salatzen du eta Berak Jainkoaren tenplu berria berreraikiko duela aurreratzen digu. Jesusengan Jainkoak bere benetako aurpegia erakutsiko digu, pasioan behin betiko. Jesus da Jaunarekin topo egiteko daukagun tenplua.
Eta gaur? Sinestunentzat non bizi da Jainkoa? Non bilatzen dugu? Ebanjelioak behin eta berriro erakusten digu Jesus dela jarraitu beharreko bidea, haren hitzak gure helduleku direla, eta haren eginak gure inspirazio nagusia. Horregatik fedea, sineste kontua baino, jarraipen kontua da, Jesusi jarraitzea.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments