HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 8
Aldi hartan, jende-talde handiak zihoazen Jesusekin; honek, haiengana bihurturik, esan zien: «Norbaitek nirekin etorri nahi badu, eta bere aita-amak eta emaztea, seme-alabak eta anai-arrebak, eta bere burua bera baino maiteago ez banau, ez daiteke izan nire ikasle. Bere gurutzea hartu eta nire ondoren ez datorrena ez daiteke izan nire ikasle. Izan ere, zuetako nork, dorrea egin nahi badu, eseri eta ez ditu aurretik gastuen kontuak ateratzen, bukatzeko lain ba ote duen ikusteko? Bestela, zimenduak hartu ondoren ezin bukatuko balu, hori ikustean barre egingo liokete denek, esanez: “Honako hau eraikitzen hasi huen eta ezin izan dik bukatu”. Edota zein erregek, beste baten kontra gerrara joan nahi badu, eseri eta ez du aldez aurretik deliberatzen, ea hamar mila gizon aski dituen, hogei milarekin contra datorkionari aurre egiteko? Eta ezetz ikusten badu, artean bestea urruti dela, mandatariak bidaliko dizkio bakea eskatuz. Era berean, zuetako inor ez daiteke nire ikasle izan, dituen guztiei uko egiten ez badie».
Lukas 14, 25-33.
Beste masaila jartzea, zazpi milatan zazpi aldiz barkatzea, etsaiak maitatzea, bizitzan erabakitzeko irizpidetzat baztertuak kontuan izatea edo muturreraino maitatzea, guztiz kontrakulturalak dira. Ziur aski Jesusi jarraitzea beti izan da kontrakulturala. Gehiegitan, fededunek hitzez aitortzen dugu gure fedea, eta zintzotasunez egiten dugu gainera, baina gure ekintzek ez dute beti hori adierazten. Izan ere, baditugu beste gauza garrantzitsu batzuk.
Gaurko ebanjelioan, Jesusek dio alde batera utzi behar ditugula segurtasunik handiena ematen diguten bi gauza (familia eta dirua), baldin eta bere ikasle izan nahi badugu.
Interpretazioetarako leku gutxi uzten du gaurko Berri Onak. Jesusekin ez dago epeltasunik edo erdiko biderik, ez dago salerosketarako tarterik. Jesusek ez du nahi segurtasunei uko egin diezaiegun, baizik eta jabetu gaitezen Bera dela gure segurtasunik handiena, eraikitzeko oinarri sendoena. Jesusekin dena da desberdina, errealitateari begiratzeko eta hura ikusteko eratik hasita. Gure artean ditugun apaiz sekular edo erlijioso eta pertsona sagaratuak dira erradikaltasun horren adibide.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Iruzkin fina. Azken esaldiak bete-betean asmatzen du: azken hamarkadetan, gainera, erlijioso nahiz abadeek gizartearen begirada gero eta trufatiagoa pairatu behar dute…
Eskerrik asko!