
Izenburua: O Corno
Zuzendaria: Jaione Camborda
Urtea: 2023
Hizkuntza: galiziera
Jaione Camborda donostiar zinegileak urrezko maskorra irabazi zuen azken Zinemaldian film bikain honekin. 70eko hamarkadan eta Galiziako Arousa uhartean kokatua, beste emakume batzuei erditzean laguntzen dien Maria emakumearen istorioa kontatzen digu. Noizbehinka abortatzen ere lagundu izan du Mariak eta, ezbehar bat tarteko, ihes egin beharko du, klandestinitatean, Portugalera.
O Corno ez da abortuari buruzko filma (nahiz eta zer pentsatua ematen duen), ez da frankismo amaierari buruzko filma (naiz eta interes handia duen garai hura ulertzeko ere); eta ez da film feminista (naiz eta sororitatea, edo emakumeen arteko elkar babesa, filmaren mezuetako bat izan daitekeen). Esango nuke filmak emakumeak jartzen dituela fokuan, eta haien izateak duen fisikotasuna islatu. Emakumetasunaren gorpuztasuna hainbat eszenatan erakusten zaigu modu oso errealistan.
Irensteko zaila izan behar du filmak emakumearen identitate osoa patriarkatuaren sorkuntza hutsa dela arinkeriaz aldarrikatzen duenarentzat. Aitzitik, emakumetasuna oso gauza esentziala izan daitekeela azaltzen du. Baina, kontuz, O Cornok erakusten digun emakumetasuna –are gehiago esango nuke, filmak erakusten digun emetasuna (arra ez izatea, emea baizik)– urrun dago gizarteko eta kultura kristauko estereotipo edo idealetatik. Emakumea oso gauza fisiko eta instintiboa da film honetan. Animaliekin parekotasuna esplizitua da.
Izerdiz, odolez, plazentaz, ur eta lurrez egina dagoen emakumearen materialitate horrek errespetua ematen du. Duintasuna dario. Mirsemena eragiten du. Haragi izate hori gizatasunaren dimentsioa delako eta ez gizabanako bakoitzaren balio gorena gutxiesten duen basakeria. O Corno film humanista da. Pertsonek bata bestea zaintzen dute, elkar laguntzen dute. Begirada errukiorrak dira filmean ikusten ditugunak. Zailtasunak zailtasun, akatsak akats, zauriak zauri, lagun urkoa guztion zeregina dela sinesteko joera dugu. Beharrean dagoen pertsona artatzea bizitzea da.
Eta adi erditzearen mirariari. Bizia ematearen garrantzi esentzialari. Ezinbestean heriotzarekin txirikordatuta datorren gertaera sakratu horri. Erditzean gertatzen den ekintza fisikoak poetikotasun gordin bat du, biziaren zentzu sakonarekin loturik dagoena. Erditu berritan emakumeen begiradek biziaren santutasunaz hitz egiten digute.
eskerrik asko Xabier, partekatzen diguzun idazki honengatik…filmea ikusteko irrikitan laga nauzu…
Eskerrik asko zuri! Filma ikusten duzunean, zure iritzia utz dezakezu hemen.