HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 28
Aldi hartan, Jesus mendira joan zen otoitz egitera, eta Jainkoari otoitzean igaro zuen gaua. Eguna argitu zuenean, ikasleei deitu eta haietako hamabi aukeratu zituen, eta apostolu izena eman zien: Simon –honi Pedro izena ezarri zion– eta honen anaia Andres, Santiago, Joan, Felipe, Bartolome, Mateo, Tomas, Santiago Alfeorena, Simon –Zelote zeritzana–, Judas Santiagorena eta Judas Iskariote, Jesusen saltzaile izan zena. Jesus ikasleekin menditik jaitsi eta zelaigune batean gelditu zen. Ikasle-multzo handia zen harekin; baita herriko jendetza ugaria ere, Judea osotik, Jerusalemdik eta Tiroko eta Sidongo itsasaldetik etorria, hari entzutera eta beren gaitzetatik sendatzera. Espiritu gaiztoek oinazetuak sendatu egiten ziren. Jende guztiak Jesus ukitu nahi zuen, halako indar bat baitzerion, denak sendatzen zituena.
Lukas 6, 12-19.
Gaurkoan, Ebanjelioak kontatzen digu Simon eta Judas (bien eguna ospatzen dugu gaur), besteak beste, aukeratuak izan zirela, bizitzan eginkizun berri baterako. Horretarako, Jesusek denbora hartu zuen: gaua otoitzean eman eta eguna argitzean erabakiak hartu, aukeraketak egin. Presa ez da ona erabaki sendoak hartzeko; gutxiago, oraindik, erabaki sakonak eta zentzuzkoak hartu behar direnean, norberarengan eta inguruan eragina izango dutenak, alegia. Horregatik, garrantzitsua da lekua zaintzea -lasaitasuna, barrukoa eta kanpokoa-, denbora hartzea -kontrastatzea ere bai, besteak beste, otoitz eginez-, gauari -ilunari- eta egunari -argiari- leku ematea. Noski, Jesusi bizitzan leku egitea, ez da nolanahi bizitzea. Mezua argia eta garbia da: sendatzea -edonor eta edozer delarik ere-, ukitua izaten uztea, barruko bizi-indarrari leku eta bide emate, zentzunezko hitzak elkarbanatzea. Nolakoak dira nire erabakiak? Non, nondik sortzen dira?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments