HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 27
Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Sartaldean lainoa ikusi orduko, “euria dator” esaten duzue, eta hala gertatzen da. Hegoak jotzen duenean, berriz, “sargori dago” esaten duzue, eta hala gertatzen da. Itxurazaleok! Badakizue zeru-lurren itxurari antzematen, eta nolaz ez diozue antzematen garai honi? Zergatik ez duzue zeuen kabuz bereizten zuzena zer den? Zeure etsaiarekin auzitegira zoazela, saia zaitez bidean harekin konponbidea aurkitzen; bestela, epaileagana eramango zaitu eta epaileak ertzainaren esku jarriko, eta ertzainak kartzelara botako. Hara Nik esan: ez zara handik aterako, azken xentimoa ordaindu arte».
Lukas 12, 54-59.
Bizitzan, oso garrantzitsua, beharrezkoa dela esango nuke, zentzunez eta sakonetik bizi ahal izateko, begiratzen jakitea, ikusten jakiteko. Horretara dator, alde batetik, Jesusek gaurkoan egiten digun galdera: “nolaz ez diozue antzematen garai honi?”. Jesusek ez dizkigu formula itxiak eskaintzen, zertzelada aberatsak baizik, geure kabuz, ingurukoekin batera bizitza esanguratsua eraiki dezagun. Horrek, bestalde, gaurko bigarren ildoa erakutsiko digu, heldutasuna eta askatasuna: “Zergatik ez duzue zeuen kabuz bereizten zuzena zer den?”. Ez gara Jainkoaren preso; aske nahi gaitu, pertsona helduak, sendotasunez pausoak ematen dituztenak, gaur eta hemen, gaurkoa eta hemengoa bizitzazko ukituz eraikitzen joan gaitezen. Jesusen Jainko honek, egiaz, bihotza zabaltzen du, arnasteko aukera ematen, pertsona bakoitzaren garapen osoa bilatzen, zentzunezko gizarte heldua eraiki dezagun. Gonbidapen ederra, erantzukizun argia. Merezi duena. Jesusen antzera, begirada sakonak eskaintzen didan bizitzazko askatasuna lantzeko prest?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments