HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 26
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Lurrean sua jartzera etorri naiz, eta nahiago nuke dagoeneko sutan balego! Heriotza-uretan murgildu behar dut, eta hau larria hori bete arte! Munduari bakea ekartzera etorri naizela uste al duzue? Bakea ez, banaketa baizik. Zeren hemendik aurrera, etxe bateko bost senideak banaturik egongo baitira: hiru biren kontra eta bi hiruren kontra; aita semearen aurka eta semea aitaren aurka, ama alabaren aurka eta alaba amaren aurka, amaginarreba errainaren aurka eta erraina amaginarrebaren aurka».
Lukas 12, 49-53.
Bizitzan gauzak zailak jartzen direnean, bereziki, zentzunez edota koherentziaz jokatu nahi duenak ere, guztia alde batera uzteko eta bide errazena hartzeko arriskua izan dezake. Jesus bera jabetzen da eta horren azalpena dugu gaurkoa. Behin baino gehiagotan, ondo egotearen ‘bake’ bila ibiltzen gara, inork eta ezerk trabarik jartzen ez dion ‘lasaitasun’ horren bila. Hori ez da Jesusek azaltzen duen bidea. Jesusek eskaintzen duen bakea erabakiak sakontasunez hartzetik dator, bizitzaren sugarrak pizten duen kemenetik. Horrek, bakoitzari, norberari inplikazio pertsonala eskatzen dio. Ez da banaketa, zatiketa sortzeagatik, baizik eta egiaz bizitzen saiatzetik etor daitekeena. Horrek, agian, ez ulertuak ekarriko dizkigu, besteek erabat babesten ez dituzten erabakiak hartzera sakonetik bultzatuta –gehiengoaren joeretatik at–… Horrek guztiak, nolabaiteko heriotza darama berarekin, nolabaiteko koherentziazko konpromisoaren ondorioa baita. Jesusek horrelako zerbait bizi izan zuen. Noraino gaude prest geure bizitzako bidea egiterakoan?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments