HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 24
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Zaudete prest, jantziak loturik eta kriseiluak pizturik; izan zaitezte nagusia ezteietatik noiz itzuliko zain dauden morroiak bezalakoak, iritsi eta atea jo bezain laster irekitzeko prest dauden morroiak bezalakoak. Zorionekoak morroi horiek, nagusiak, iristean, zain aurkitzen baditu! Egia diotsuet: arropak aldaturik, mahaian eseraraziko ditu eta zerbitzatzen hasiko zaie. Eta gauerdian nahiz goizaldean badator eta horrela aurkitzen baditu, zorionekoak haiek!».
Lukas 12, 35-38.
Jesusen gaurko mezuak bizitzaren ispiluaren aurrean jartzen gaitu, berak bakarrik dakien moduan. Hain usatua dugun “zoriontsu izateari” ustekabeko buelta ematen dio. Jarrera zehatz batzuekin lotzen du, hain zuzen: prestutasuna, zain egotea, lastertasuna, aldatzeko azkartasuna. Baina jarrera hauek, zertarako? Ba, bizitzako kriseiluak pizturik mantentzeko, erne egotearen garrantzia gogoan hartzeko, une bakoitzean beharrezko ateak irekitzeko, heltzen denaren bidera zerbitzari jarreraz ateratzeko, bizkortasunez egoera batera edota bestera moldatzeko -arropak aldatu-… Bai, Jesusek eskaintzen digun “zorionekoak!”, ez da arrunta, ez da ohizkoa, baina bai egiazkoa. Ez baita larritasunean eta itxuran oinarritzen, baizik eta zentzuzko eta sakoneko jarreran, non besteak kontuan dituen, besteen ongizatea. Horrek, gainera, eta zalantzarik gabe, Jesusen esperientziara irekitzen lagunduko digu. Zer oihartzun sortzen dute niregan, gaur, Jesusen hitz hauek: “Zorionekoak haiek!”?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Erne egotearen garrantzia…