HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 23
Aldi hartan, jende arteko batek esan zion Jesusi: «Maisu, esaiozu nire anaiari senipartea nirekin erdibanatzeko». Jesusek erantzun zion: «Lagun, nork jarri nau Ni zuen artean epaile edo ondasun-banatzaile?». Eta jendeari esan zion: «Kontuz! Gorde diru-gosetik, ondasunek ez baitiote inori bizia segurtatzen, ugari izanda ere». Gero, parabola hau kontatu zien: «Gizon aberats bati lurrak uzta handia eman zion. Eta honela hasi zen berekiko pentsatzen: “Zer egin, ez baitut uzta non jasorik”. Eta beretzat esan zuen: “Badakit zer egin: mandio zaharrak bota eta handiagoak egingo ditut eta haietan jasoko ditut garia eta gainerakoak. Gero, esango diot neure buruari: “Ea, motel! Baduk hor gordeta urtetarako ondasunik aski; hartu atseden, jan, edan eta bizi ongi!”. Baina Jainkoak esan zion: “Burugabea halakoa! Gaur gauean bertan hil behar duk. Norentzat izango duk pilatu duana?”». Eta amaitu zuen Jesusek: «Horra zer gertatzen zaion, Jainkoarentzat aberats izan beharrean, ondasunak beretzat pilatzen dituenari».
Lukas 12, 13-21.
Bizitza seriotasun edota sakontasun pixka batekin hartzeak bere ondorioak ditu; ez du edozerk balio. Eta, bestetik, ez du esan nahi norberak horretan koherentziaz jokatu izanak, besterik gabe, gainerakoek ere hala jokatu behar dutenik; gutxiago, oraindik, norberaren intereserako. Gaurko Ebanjelioaren pasarteak bi alderdi hauek garbi uzten dizkigu. Batetik, Jesusi esaten diotenean: “Maisu, esaiozu nire anaiari…”; eta Jesusen erantzunak agertzen duenean, “Kontuz!”, Jesusek esango balu bezala: “Zuretzat Maisu banaiz, ibili zaitez zeu kontuz; zure anaiari kontuak ‘eskatzea’ gero etorriko da. Zuk zeure bidetik jarraitu ezazu, eta adi -kontuz- horrek zer eskakizun duen barruan”. Eta, Ebanjelioak agertzen digun beste alderdia, exijentziarena da, hain zuzen, koherentziarena, esanez bezala: “Ez deitu niri Maisu eta, gero, erabateko erosotasunean bizi eta, handik eta hemendik, pilatzen ibili, ezer elkarbanatu gabe, zure izatea, zu zeu zaren ondasuna, eskuzabaltasunez erein eta zabaldu gabe”. Nola bizi dut eman, oparitu zaidan bizitza?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments