HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 22

Aldi hartan, fariseuek elkar hartu zuten, galdera bat eginez Jesusi tranpa jartzeko. Horretarako, ikasle batzuk bidali zizkioten, Herodesen alderdikoekin, galdetzera: «Maisu, badakigu egiazale zarela eta Jainkoaren bidea behar bezala irakasten duzula, Zuk ez baitiozu begiratzen gizakiaren itxurari. Emaguzu, bada, zeure iritzia: zilegi da Zesarri zerga ordaintzea ala ez?». Jesusek, haien maltzurkeria igarriz, esan zien: «Zergatik zatozkidate zirika, itxurazaleok? Ea, erakutsi zerga-txanpona». Haiek denario bat aurkeztu zioten. Jesusek galdetu zien: «Norenak dira irudi eta izen hauek?». Haiek erantzun: «Zesarrenak». Jesusek, orduan: «Eman, bada, Zesarrena Zesarri, eta Jainkoarena Jainkoari».

Mateo 22, 15-21.

Benetan ezaguna dugu Jesusek ematen duen erantzuna: «Eman bada Zesarri Zesarrena eta Jainkoari Jainkoarena» zer pentsatu ematen digu.

Aditu askok politika eta erlijioaren arteko harremana eta bereizkuntza ulertzeko abiapuntu bezala hartzen dute irakaspen hau. Hala ere, Ebanjelioak guri luzatzen digun probokazioa dugu: izan ere, entzun bezain pronto gure bizitza aztertzera bizkortzen gaitu, mundu honetakoei behar duten baino garrantzi handiagoa ematen ote diogun jakin nahian, gure bizitzan eta bihotzean Jainkoari bakarrik dagokion postua hartu ote duten jakin nahian, gure bizitzako absolutu gertatu ote zaizkigun. Nahiz errealitate horren alde edo kontra egon, Jesusentzat garrantzitsua da Jainkoari dagokiona beste inork edo ezerk ez hartzea.

Txanponaren irudiak ere honetan asko laguntzen digu. Izan ere, norenak dira gure bizitzan ezarrita dauden izena eta irudia? Norenak gure atsedenak? Norenak gure eguneroko nekeak? Norenak gure maitasuna? Norenak gure itxaropena?

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude