HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 21

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Jendearen aurrean aitortzen nauena aitortuko du Gizonaren Semeak ere Jainkoaren aingeruen aurrean; baina jendearen aurrean ukatzen nauena ukatu egingo dute Jainkoaren aingeruen aurrean. Gizonaren Semearen aurka zerbait esaten duenari barkatuko dio Jainkoak; baina Espiritu Santuaren aurka birao egiten duenari ez dio barkatuko. Sinagogetara, buruzagien eta agintarien aurrera, eramango zaituztetenean, ez ibili kezkatan nola egin edo zer esan zeuen alde, Espiritu Santuak adieraziko baitizue une hartan bertan zer esan behar duzuen».

Lukas 12, 8-12.

Benetan zaila izaten da gertakari baten testiguak auzian testigantza emateko konbentzitzea. Kaleko jarduna, bai, latza izaten da. Arina baita inolako konpromisorekin besteez aritzea. Auzian, ordean, norberaren hitzaren ardura hartu behar da, egiarekin bat ote datorren galdezka, jakinda gure hitzarekin auzian dauden pertsonen artean parte hartzeak ezinbestekoa izango dela. Gure testigantzak definitzen eta konprometitzen gaitu.

Jesusek berak jasan zuen auzia historiako auzia ezagutzera ematen digu: onaren eta gaizkiaren arteko auzia, adiskidetasuna eta gorrotoaren arteko auzia, errukiaren eta axolagabetasunaren arteko auzia, maitasunaren eta norberekeriaren arteko auzia, Jainkoaren alde edo kontrako auzia.

Testiguak izatera deitzen gaitu Jaunak, gure erantzukizunari duen garrantzia emanez. Espiritu Santuaren laguntza ere agintzen digu: berak bilakatuko du testigantzaren pisua eramangarria eta bizigarria. Izan bihotz!

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude