HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 20
Aldi hartan, milaka eta milaka lagun bildu zen, elkar zapaldu beharrean. Jesus hizketan hasi zitzaien, lehenik ikasleei zuzenduz: «Ibili kontuz fariseuen legamiarekin, hau da, itxurazalekeriarekin. Ez dago ezer gordeta agertuko ez denik, ezta ezer ezkutuan ere jakingo ez denik. Zeren gau-ilunez esan duzuena egun-argiz entzungo baita, eta etxe-zokoan belarrira esan duzuena etxe gainetik hots egingo. Zuei diotsuet, ene adiskideoi: ez izan beldurrik gorputza hil bai, baina hortik aurrera ezer egiterik ez dutenei. Esango dizuet nori izan beldur: izan beldur hiltzeko eta ondoren infernura botatzeko ahalmena duenari. Bai, izan beldur horri! Ez al dira bost txori bi txanponean saltzen? Hala ere, haietako bat bakarra ere ez dauka Jainkoak ahazturik. Zuen buruko ile guztiak ere zenbatuak dauzka Jainkoak. Ez izan, bada, beldurrik: zuek txori guztiak baino gehiago balio duzue».
Lukas 12, 1-7.
Beldurra pertsonak eta herriak menpean hartzeko bidea gertatzen da sarritan. Ez dira falta sinesmena bera, kristaua zein beste edozein tradizio erlijioso edo espiritualarena izan, beldurraren ondorioa dela argudiatzen dutenek; eta elizek beldurraren bidea erabili izan dutela salatzen dutenek.
Horrelako susmoa sortu daiteke gaurko pasarteko lehenengo zatia irakurrita: sumatu dezakegu, bai, egiten, pentsatzen eta amesten ditugun guztiak Jainkoak ikusteak, eta piztueraren egun handian publikoak egiteak guregan sortzen duen presioa. Hau kontutan izanda, zenbat gauza ez genuke egingo, ezta pentsatuko ere!
Jesusentzat, ordea, bizitza ezin daiteke sendo oinarritu horrelako presioa jasanez gero. Presioak eta beldurrak gainditzeko aukera eskaintzen digu Jainkoagana konfiantza jartzera deitzen gaituenean. Jainkoagan bere konfiantza jartzen duena bere ekintza, pentsamendu eta ametsetan ere, Jainkoaren onginahizko borondaterekin bat egiten hasten da. Konfiantzaz bat egite hori egiazko askatasun iturria da.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments