HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 19
Aldi hartan, Jaunak esan zuen: «Ai zuek, zuen arbasoek hildako profetei hilarriak eraikitzen dizkiezuenok! Horrela, arbasoek egindakoarekin ados zaudetela aitortzen duzue; zeren haiek hil egin baitzituzten profetak, eta zuek hilarriak eraikitzen baitizkiezue. Zerbaitegatik esan zuen Jainkoaren jakinduriak: “Profetak eta apostoluak bidaliko dizkiet eta batzuk hil eta beste batzuk erasoka erabiliko dituzte”. Baina munduaren hasieratik isuri den profeta guztien odolaren kontuak eskatuko dizkio Jainkoak gizaldi honi: hasi Abelen odoletik eta aldaretik santutegira bitartean hil zuten Zakariasen odoleraino. Bai, Nik diotsuet gizaldi honi eskatuko dizkiola kontuak. Ai zuek, lege-maisuok, jakintzaren ateko giltzaren jabe egin zaretenok! Zuek ez zarete sartu, eta sartu nahi zutenei ez diezue utzi». Jesus handik atera zenean, fariseuek eta lege maisuek gupidarik gabe eraso zioten, galderak egin eta egin, ea erantzun okerren batean harrapatzen zuten.
Lukas 11, 47-54.
Jainkoaren dohaina dugu fedea, bai, soilik Jainkoaren maitasunari erantzunez eskaini baitizkiogu gure burua oso-osoan eta libreki, gure askatasunaren eta nahimenaren erabateko eskaintza eginez. Horregatik fedea erantzukizuna da: Jainkoarekiko eta lagun hurkoarekiko dugun erantzukizuna. Zer dugu hoberik eskaintzeko lagun hurkoari salbamen historian ezagutzera eman zaigun Jainkoa baino?
Egoera benetan tristea salatzen du Jaunak gaurko pasartean: gaurkotasunik ez duen Jainkoa gurtzea eta irakastea, Jainkoa hilda balego bezala, dagoeneko bukatuta dagoen iragan baten parte balitz bezala. Badirudi denak Jainko biziaren atarian gelditzen direla, hain gertu eta hain urruti, Bera eta gure artean itxita eta giltza emanda duen atea balego bezala.
Bizkortu dezagun gure esker onezko memoria, Jainkoaren testiguekin batera gure salbamen historia pertsonala oroituz gure fedea biziberritu eta sendotu dezagun, Jainkoaren eta lagun hurkoaren aurrean Berri Onaren erantzule, egun ere Jainkoa gurekin baita.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments