HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 18

Aldi hartan, Jaunak beste hirurogeita hamabi ikasle izendatu eta bere aurretik bidali zituen binaka, bera joatekoa zen herri eta leku guztietara. Eta esan zien: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Egin, beraz, otoitz uzta-jabeari bidal ditzala langileak bere uztara. Zoazte! Arkumeak otso artera bezala bidaltzen zaituztet. Ez eraman poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik, eta ez gelditu bidean inori agur egiten. Edozein etxetan sartzen zaretela, esazue lehenbizi: “Bakea etxe honetakoei!” Eta han bakezalerik bada, haren gainean kokatuko da zuen bakea; bestela, berriz, zuen bakerik gabe geldituko dira. Geldi zaitezte etxe berean; eta jan eta edan daukatenetik, zor baitzaio langileari bere saria. Ez ibili etxez etxe. Herriren batean sartu eta ondo hartzen bazaituztete, jan jartzen dizuetenetik, sendatu bertako gaixoak eta esaiezue: “Hurbil duzue Jainkoaren erreinua”».

Lukas 10, 1-9.

Premiazkoa da Jainkoaren erreinuaren hurbiltasunaren berri ona ematea. Premiazkoa, bai, gizakiok berri on horren bila eta galdetuz bizi baikara beti, bide okerretatik bada ere. Horregatik deitzen dio Jesusek uzta misioari: Jainkoaren erreinuaren hurbiltasuna egiaz ezagutzen eta onartzen duenak, bihotz berritzearen fruitua emango baitu. Izan ere, sortzetik dugu gure misterio pertsonalaren azken geruzan Ebanjelioarekiko irrika hori. Jesusenganako fedean ernamuintzen hasten da gure nortasun propioena.

Jesus ez da batere inozoa. Ondo daki gure gordeeneko Jainkoarekiko irrika hori nahasten eta gaiztotzen dituen «otsoen» eskuetan dagoela. Horrek egiten du oraindik premiagozkoa misioa, askatzailea delako; baina bakea galdu gabe. Bakea, Jainkoaren dohaina den bakea, da misioaren gakoa.

Jesusek berak eraman zuen bere burua otsoen eskuetara gurutzea onartuz, bere piztueran aurkitu genezan inork kendu ez gaitzaken bakea, ikasle misiolariak izan gaitezen.

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude