HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 16
Aldi hartan, jende asko biltzen ari zelarik, Jesus honela hasi zitzaien: «Gizaldi hau gaiztoa da. Ezaugarri eske ari da, baina ez zaio ezaugarririk emango Jonas profetarena besterik. Izan ere, ninivetarrentzat Jonas ezaugarri izan zen bezala, hala izango da Gizonaren Semea gizaldi honentzat. Auzi-egunean hegoaldeko erreginak gizaldi honetako jendearen aurka jaiki eta kondenatu egingo du, lurraren azken mugetatik etorri baitzen hura Salomonen jakinduriazko hitzak entzutera, eta hona hemen Salomon baino gehiago dena. Auzi-egunean ninivetarrek ere gizaldi honen aurka jaiki eta kondenatu egingo dute, haiek bihotz-berritu egin baitziren Jonasen predikuaz, eta hona hemen Jonas baino gehiago dena».
Lukas 11, 29-32.
Bihotz gogorkeria da Jesusek salatzen duen gaiztotasuna. Ezaugarri eske aritzea ez da bihotz berritzeko pronto dagoenaren jarrera, bere burura zuritzea nahi duenaren aitzakia baizik. Ezaugarria jaso eta onartu artean, gurean jarraitu dezakegu kontzientzia lasaituarekin.
Lasaitasun horren azken egia ez da, ordea, Ebanjelioaren poza eta bakea: harrizko gogoa eta bihotza duenaren axolagabetasuna baizik. Gure barne bizitza moteldu baitaiteke denboraren poderioz, ohituren poderioz, Jainkoarekiko lotura barne eta bizia zaintzen ez badugu. Bihotz gogorkeriak Jainkoarekiko axolagabe egiten gaitu, eta ohartu gabe berehalako asebetetze eta segurtasuna eskaintzen omen diguten beste sasijainkoen atzetik bizi gara. Gure bihotzaren makaltasun eta alferkeriaren ispilu eta mozorro diren sasijainkoak.
Behar dugun ezaugarria iritsi da, ordea: Jesus bera da, Jainkoaren gertutasun osasungarria hots egiten. Profetaren iragarpena nahikoa izan zuten Jainkoaren berri inoiz izan ez zutenek. Zer behar dugu Jainkoarekin historia oso bat egin dugunok? Eta hala ere, eman zaizu: Jesusen heriotza eta piztuera.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments