Goizeko klase batean, ikasleak erdi lotan edo, beharbada, gailuetako ziberespazio batean kulunka zeudela, nire gaiari leialtasunez eusten nion, azalpen sakonak emanez.
Halako batean, ikasle batek, eskua altxatuta, ganorazko galderaz eten zuen nire hitz jarioa: “Baina erlijioa ez da ideologia?”
Oso galdera interesgarria, sakona eta ondorio askokoa. Segundo batez nire burmuinean borborka hasi ziren antzinako eztabaidak, “ideologia” kontzeptuaren sorrera eta esanahia, marxismoaren kritika zorrotza, Puente Ojea, Mannheim-en gogoeta argigarria, “ezagutzaren soziologia” izeneko gaiaren ekarpen gogoangarria, Alberdi, Belda…
“Zelako gai esanguratsua eta mamitsua agertu den gaur goizean!”, pentsatu nuen inozo, baita galderari ganoraz erantzuteko tentazioa (bulkada) sentitu ere.
Nire isiltasunak arreta piztuta, hemeretzi-hogei urteko begi haiei (ehun baino gehiago) erreparatuz, konturatu nintzen hura ez zela egoera, ezta leku egokia ere, erantzun aproposa emateko. Nire erantzuna soila eta paradoxikoa suertatu zitzaien nire goizeko ikasleei: bai eta ez. Eta gaineratu nien: “Gehiago argitu nahi baduzue, eskatu tutoretza bat eta gaiak merezi duen bezala sakonduko dugu”. Orain arte inork ere ez du tutoretzarik eskatu. Baina ez dut esperantza galtzen.
Kristautasuna, erlijioa oro har, inolako zalantzarik gabe, ideologia erraldoia da eta, sarri askotan, oso arriskutsua. Inolako zalantzarik gabe, kristautasuna, erlijioa oro har, ez da ideologia bat.
Eskerrik asko!
Zure ikasle izan gabe ere, horra nolabaiteko “tutoretza eskaera”, online bada ere. Izango al du jarraipenik hausnarketa honek?
Egun on!
Eskerrik asko mezuagatik.
Urriko nire gogoetak segida eman zion testu horri. Ziur aski, hurrengo gogoetak harilkaturik joango dira gai horri lotuta.
Besarkada bat