Jainkoa Jainko eta gizakia gizaki

2023 Urr 9

Orain gutxi dela, Jainkoaren izaerari (izateari?) buruz lagunen arteko tirabira  batean, ‘Jainkoa misterio dela’ erantzun (behar izan) nien. Ohikoa izan arren, erantzun hori egin eta berehala, ohartu nintzen desegokia zela (motza edo), zeren, misterioaren metaforaren harira, bai baitirudi Jainkoa,  horrelaxe nahita, ezkutatzen ari zaigula eta hori kristau esperientziaren guztiz kontrakoa da, Jainkoa beti baitago bere izaera (izatea) gizakiei azaltzeko gogoz eta ahaleginean: “Jainkoa hitza zen eta Hitza gizon egin zen eta gure artean jarriz zen bizitzen” (Jn 1, 1-14).[1]

Hori dela eta, Jainkoa misterio dela esatearen ordez, uste dut egokiagoa dela ‘Jainkoa Jainko dela’ esatea, horrelaxe erantzun baitzion Yahvék Moisesi bere izenaz (izanaz) galdetu zionean: “Naizena naiz” (Ir 3, 14).

Jainkoa etenik gabeko agertze hutsa zaigu: “Askotan eta era askotara hitz egin zien antzina Jainkoak gure arbasoei profeten bidez; azken egun hauetan, berriz, bere Semearen bidez hitz egin digu” (Heb 1, 1-2).

Halaz ere, Jainkoak ezin diezaguke bere arpegia guztiz erakutsi, ez nahi-edo ez duelako, konpreniezina zaigulako baizik. Halaz ere, ahaleginak egiten baditu: “(Nire) Bizkarraldea ikusi ahal izango didazu” (Ir 33, 23).

 Konpreniezintasun hori, haatik, ez zaigu Jainkoaren zikoizkeriagatik gertatzen,  Jainkoaren mugarik gabekotasunagatik baizik: “Bere existentzia frogarazi behar (nahi) duen Jainkoa, azken batean, oso jainko gutxi da” (F. W. Nietzsche), eta gizakion mugatasunagatik ere: “Hain argitsu ote gera ba intelektualki, jainko baten misterioa arbuiatzeko?” (X. Lete).

 Hala eta guztiz, Jainkoaren konpreniezintasuna ez zaigu kalte edo zigorra, altxorrik handiena baizik: “Misteriorik gabeko izakia ez da maitagarria” (von Balthasar); gure humanizazio progresiborako (gure zorionerako) altxor irekia bezain agorrezina.

Erlijiositate-erlazioa ez da Jainkoarengan bukatzen, badago beste pertsona bat: Gizakia, alegia eta ‘Gizakia gizaki da’, bere eginkizunen (deskubrimendu, intuizio, ezjakite, duda-muden… ) erantzule totala: “Jainkoak bere antzeko egin zuen gizakia” (Has 1, 27).

Hori dela eta, Jainkoaren eta gizakien arteko erlazioetan, Jainkoak gizakien autonomia errespetatu behar du. Jainkoak, gizakien espazioan sartuko balitz, haien duintasuna zapaltzeaz gain, berak gizakioi emandako erantzukizuna murriztuko bailieke.

Nola elkartu Jainkoaren azalpena eta gizakien autonomia? Hortxe koska eta ez Jainkoaren gogoan (edo ezkutatze zein misterioan).

Errebelazio-esperientzia azaltzeko (ahal zaigun neurri eskasean, noski), teologoek ‘mayeutika historika’ proposatu dute.

Proposamen horren arabera, Jainkoak bere aintza osoa agertu nahi digu betidanik (Jainkoaren iniziatiba eta irekitasuna): “Neure on guztia igaroaraziko dut zure aurretik” (Ir 33, 19-20). Agertze horretarako, haatik,  Jainkoa gizakien esperientziez baliatzen da, ezinbestean (gizakien autonomia eta erantzukizuna): “Jainkoaren errebelazioa giza esperientzien bidez baino ezin daiteke jaso… Halaz ere, giza esperientziak ez zaizkigu inoiz ‘eduki puruan’ ematen, gizakiok interpretatu eta hitz mugatuez adierazi behar ditugu[2], jatorrizko esperientziari ekinez behin eta berriz, noizbait zorroztuz eta noizbait desitxuratuz ere” (E. Schillebeeckx).

Hori dela eta, onartu edo ez onartu, errebelazio-esperientzian, ez zaigu agerian nabarmentzen Jainkoaren zikoizkeria, Jainkoaren eta gizakien handitasuna eta irekitasuna baizik (Uniquique suum, noski[3]).

Badakit ur sakonetan sartu naizela trebezia gutxiarekin, gogo eta helburu xume batekin baina. Hauxe, hain zuzen: Ahalik eta gutxienetan,  esan beharko genuke ‘Jainkoa misterio’ dela, esapide horren bidez bai batirudi Jainkoa katu eta arratoiaren jolasean dabilela gizakiokin. Esan dezagun, hobeki: ‘Jainkoa Jainko dela’ eta ‘Gizakia gizaki’. Antzekoak, guztiz ezberdinak baina[4].

[1]Ikus “La voluntad divina de la máxima revelación posible” in TORRES QUEIRUGA, A., Repensar la revelación, Epilogo.

[2] LUQUE; Aurora (poetisa), Premio Nacional de poesía: “Fedro-n   Platonek errealitatea hitzen bidez islatzeko ezintasuna aipatzen zuen… Hizkuntza, aldi berean, infinitua da eta burutugabea… Horrexegatik maitemintzen da esanezinak, besterenezinak, itzulezinak diruditen esperientziez”.

[3]  Ir, 33, 12-21.  (Moisesek): “Ager iezazkidazu zeure asmoak”… (Jaunak): “Esan duzun hori ere egingo dut, gogoko baitzaitut eta fio bainaiz zutaz”. “Ia jainko baten pareko egin duzu (gizakia)” (Sal 8, 6);

[4] FORTE, B., La transmisión de la fe, Sal Terrae, 2015, p, 177: “Jainkoa desberdina da giakiarengandik. Horregatik zalantza (kezka, misterio…), beti fedean (erlijiositatean) egongo da”. Parentesi arteakoak nireak dira.

 

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude