HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 8

Aldi hartan, Jesusek hau esan zien apaizburuei eta herriko zaharrei: «Entzun parabola hau: Behin batean, nagusi batek mahastia landatu zuen eta hesiz inguratu; bertan dolarea egin eta mahastizainaren dorrea eraiki zuen; gero, nekazari batzuei errentan utzirik, urrutira joan zen. Mahatsa biltzeko garaia iritsi zenean, bere morroiak bidali zituen nekazariengana, fruitutik zegokion partea jasotzera. Nekazariek, ordea, morroiei heldu eta bata jo, bestea hil eta bestea harrikatu egin zituzten. Berriro beste morroi batzuk bidali zituen, aurrekoan baino gehiago, eta haiei ere beste hainbeste egin zieten. Azkenean, bere semea bidali zien, bere baitarako esanez: “Neure semeari izango diote begirune”. Nekazariek, ordea, semea ikustean, hauxe esan zioten elkarri: “Oinordekoa duk. Hil dezagun eta guretzat izango duk ondarea”. Heldu zioten, mahastitik kanpora bota eta hil egin zuten». Jesusek galdetu zien: «Zer egingo die nekazari horiei mahasti-jabeak, itzultzean?» Hau erantzun zioten: «Errukirik gabe hilko ditu, eta bere garaian fruitua emango dioten beste nekazari batzuei utziko die mahastia». Jesusek esan zien: «Ez al duzue Liburu Santuan behin ere irakurri “Etxegileek baztertutako harria giltzarri gertatu da. Jaunak egin du hori, gure begien harrigarri?” Horregatik diotsuet: Jainkoaren erreinua zuei kendu eta fruitua aterako dion herri bati emango zaio».

Mateo 21, 33-43.

Gaurko ebanjelioko pasartean Jesusek parabola triste bat kontatzen digu. Mahastizain hiltzaileen parabola judutarrei Isaias profetarengandik ezaguna egiten zitzaien. Guretzat arrotza den istorioak ez gaitu uzten ebanjeliotik espero  genezakeen horren pozik, horren aho-zapore onaz. Jesusek parabola apaizburuei eta herriko zaharrei zuzendu zien, jainkozale ofizialei, alegia. Parabolak, alde batetik,  euren zurikeriak salatzen ditu: Jaungoikoagandik hurbil eta Jaungoikoaren proiektua zapuzten. Bestetik, parabolak, Jaungoikoaren proiektua, mahastitik kanpo dabiltzan beste batzuek ere zaintzen dutela aldarrikatzen du. Jaungoikoaren proiektuaren fruituak, ondorioak, zaintzaileen nortasunaren gainetik daude. Garrantzitsuagoak dira, lehentasun osoa dute. Berriro irakurtzerakoan, kontura gintezke, istorio tristea dela hiltzaileen artean daudenentzat. Aldiz, nolako poztasuna beti kanpoan daudela sumatzen dutenentzat! Jaungoikoaren proiektuan azkenak, lehenak bihurtzen diren eran, barruan daudenak kanpoan gera daitezke eta kanpotarrak, barruan. Parabola honetan non zaude, nor zara?

Marixabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude