Espiritualtasuna eta poza Gurutzeko san Joanen

2023 Urr 2

Nork bere bide espiritualari ekitea, nolabaiteko soiltasun, isiltasun eta desatxikimendu  prozesu bati loturik konprenitu ohi dugunez gero, maiz dugun ulerpen delako horretan badirudi pozerako leku txikienik ere ez dagoela. Jainkoa soil-soilik, edo gehienbat, sufrikarioan eta nahigabean baino ez dugula aurkituko oso presente egon da gure sinesteko moldeetan. Ondorengo lerro hauetan kontua oso besterik dela azpimarratu nahiko nuke. Gure fedeak, fedea izango bada, gure burua oso bizirik, bestela bainoago, sentitzera eraman beharko gintuzke; alde horretatik, zerk eragingo liguke bizi-bizirik gauden sentipen handiagorik pozak baino? Espiritualtasuna eta honek begiradan zein norbere baitan eragiten dituen eraldaketa poza eta zoriontasunarekin daude izatez hertsiki lotuak. Hau argi eta garbi ikus dezakegu ebanjelioetan. Berauetan agian ez dute literalki zoriontasun hitza hainbestetan aipatzen (“Zoriontasunak pasartean izan ezik), gaur egunean hain presente dugun hitz hori, bai baina gozamena eta poza eta, alde horretatik, besteak beste, oso adierazgarriak ditugun honelako esanak aurkituko ditugu: ”berri on pozgarri dakarkizuet” (Lk 2,10), “poz hori ez dizue inork kenduko” (Jn, 16,22); Erreinuak dakarren poza lortze aldera, dena saltzeko prest egon (Mt, 13,44)… Mistikoek ere, nork bere gisara, adierazi dute urratutako eraldatze bideak euren baitan gainezka egiteraino eragiten duen poza. Poza, egia esatera, agian osagai edo gako eraginkorrena dugu bide mistikoan zehar aurrera egin ahal izateko. Horren adierazgarri, zenbait eta zenbait mistikoren lekukotza ekar nezake lerro hauetara. Nik, oraingo honetan, Gurutzeko San Joanena ekarri nahi izan dut, ez berak baino ez zuelako hori argiro adierazi, bai baina berarengan, bere idazki eta olerkietan, poza, barne poza, bere bidai mistikoaren muin-muinean dagoelako ezin nabarmenago une oro.

Gurutzeko San Joanek zentzu honetan eskaintzen digun altxorra aintzat hartu aurretik, noan aurrena, pozari buruz, poza eta bizitzaren arteko lotura estuaz hausnarketa batzuk hona ekartzera. Bizitza eta poza  estu-estuki, hertsiki, lotuak daude elkarrekin, ezin bestelakorik esan. Benetako poza, dena den, ez da inondik kanpotik ase egindako plazer batekin lotua, ezta aurre-zehaztutako eta lortu beharreko zoriontasunarekin ere. Benetako pozak badu zerikusirik aurreikus ezin den horrekin, baita, zergatik uka, irrazionala-edo den horrekin ere. Poza dohaina da, doan jasotako oparia, eta doakotasunarekin nolabaiteko lotura du. Dohaina den aldetik, poza partekatzeko, besteei komunikatzeko dugu eta, kontraesankorra badirudi ere, eman ahala, edo zenbat eta gehiago eman, are eta gehiago izango dugu guretzat ere. Pozak ematetik eta bizia ematetik asko du; izan ere, bizia ere zenbat eta gehiago eman, partekatu, orduan eta bizi osoagoa izango dugu.

 Gure baitan pozak bere muturra sartzen duenean barnean dena zabaltzen zaigu, eta saltoka, dantza egiteko… gogoa ernatzen zaigu, besteak beste, geure burua zinez biziago sentitzen dugulako. Ondorio hau askoz ere handiagoa da, zinetan eraldatzailea, baldin eta fedetik datozen poz eta gozamenaz ari bagara. Arima-zabaltzeaz, bihotz-zabaltzeaz, mintzo gintezke pozezko bizipen ezin esanezko hori deskribatzeko, “hitzez ezin esanezko gozamenaz”, esango digu San Agustinek, bizipen hori deskribatzeko.

Aipatu poz edo gozamen horren berri ematen digu Gurutzeko San Joanek atergabe, bidean barrena pixkana-pixkana aurrera egin ahala, eta darion goranzko poza beti dago presente bere idazkietan. Bere bidaiaren amaieran are indartsuago adierazita ere ikusiko dugu eta, hein horretan, zera esango digu: espiritu-askatasun, -zabaltasun eta -pozean eguberri berri bat sentitzen duela (Kantu Espirituala 39,8). Halere, bidean zertxobait abiatu orduko, oso presente egongo da poza bere adierazpen guztietan: “arima, barrutik zein kanpotik beti dago festa-egunez” (Maitasun Gar bizia 2,36). Pozak gainezka egiten du etenik gabe bere bertso gehienetan;  izan ere, berori, bateratsu, bere bizipen mistikoaren sorburu eta buru da. Erabateko poz eta baikortasun giroan mugitzen da mistiko hau. Hortik segitzen da festa-giroz egotearen eta barne poz baztergabearen sentipena elikatu eta zaintzeko bere deia.

Bizirik egoteagatik izan  beharko genukeen pozaz ere mintzo zaigu Gurutzeko San Joan bere Kantu espiritual-ean. Izan ere, obra horretan baikortasunezko gozamena ez da inoiz eteten; barne gozamen sakonaz mintzo da, barnean Jainkoarekiko loturatik segitzen den gozamen sakonaz. Mistiko honen ustez, pozak eta gozamenak Presentzia batean, Harreman batean dute beren benetako sorburua: “…Egiaz poztekoa eta alai egotekoa da zuretzat zure on eta itxaropen guztia zugandik hain hurbil egotea, zeuregan izatea edo, hobeki esan, zuk hura gabe izaterik ez izatea…” (Kantu espirituala 1,7).

Poza eta gozamena izan beharko genituzke kristauok geure bereizgarri; aurren-aurrena hori dela eta identifikatu beharko gintuzkete gizartean. Egunero, une oro, pozerako interruptorea pizteko deia ezin argiago adierazita dugu Kantu espirituala-ren hasieran, Jainkoaren Presentziagatiko sentipen pozgarriaz une oro jakitun izateko deia dugu berorretan: “Goza eta poz zaitez berarekin zure barne-bildutasunean, hain hurbil baituzu” (Kantu espirituala 1,8).

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude