fedea gauza pertsonala dela,
errespetagarria, bai, baina pertsonala.
Ez omen ditugu nahastu behar
fedea eta bizitza publikoa, adibidez,
edota Berri Ona eta politika…
Arlo horretan lan egin nahi duenak,
bertan ohikoak diren bideak,
metodoak eta lekuak erabili behar ditu,
antza denez.
Eta gu, sarritan,
isildu egiten gara, Jauna,
errespetuagatik, normalean,
gizarte modernoaren araberakoak izateko, beste batzuetan,
edota erosotasunagatik, noizean behin;
fedea gure kolkorako gordetzen dugu,
zure eta gutako bakoitzaren arteko
kontua balitz bezala,
neba‑arrebarik txikienak,
gizartea oro har,
edota kristau elkartea bera ere
harreman horretatik aparte baleude
eta egon behar balira bezala.
Jesusek, berriz,
gauzak bestela ikusten ditu:
Berri Ona
—gizaki guztien berdintasuna,
denen duintasun berbera,
geurez zor zaizkigun eskubideak
eta askatasuna…—
ez da ezkutuan edukitzeko gauza,
egoki datorrenean eta ez datorrenean
oihuka zabaltzeko mezua baizik.
Eskerrik asko, Jauna,
gure bizimodua argitzen duten
Jesusen hitzengatik.
Eskerrik asko,
berak iragarritako baloreak
azkenean nagusituko direla
eta mundu guztia argituko dutela
hitz eman diguzulako;
horrek adorea ematen digu
gure historietan eta Historian
egiten dituzun urratsen bidez
zure maitasun proiektua
nola gauzatuz doan ikusi
eta parte hartu ahal izateko.
Zure argia behar dugu, Jauna,
eguneroko bizitzan
—norberaren gauzetan,
gizarte osoari dagokionez,
gizartetik kanpora utzitakoen bidez–
zer esaten diguzun
eta zein mezu zabaldu behar dugun bereizteko.
Eta indarra ere bai,
errespetuaren eta demokraziaren aitzakian
txikienei ogia,
duintasuna
eta bizia kendu nahi dizkietenei
aurre egiteko,
zeinek bere arloan,
nork bere indarrekin,
baina Jesusek eman zigun mezuari
entzungor egin gabe,
Jesusen hitzek dakarten argia
gutako bakoitzaren kontu pertsonaltzat
ezkutatu gabe.
Horrela lagunduko dizugu, Jauna
—konpromiso hori hartu nahi dugu—,
ahal dugun neurrian behintzat,
zure proiektua garatzen
eta argitaratzen.
0 Comments