HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 24

Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien ikasleei: «Zeruetako erreinuarekin mahasti-nagusiarekin bezala gertatzen da. Goizean goiz bere mahastirako langile bila atera zen. Eguneko lansaria zilarrezko txanpon batean hizketatu ondoren, mahastira bidali zituen langileak. Goizeko bederatziak aldera berriro atera zen eta, beste batzuk plazan lanerako zain ikusirik, esan zien: “Zoazte zuek ere nire mahastira eta ordainduko dizuet bidezko dena”. Eta haiek ere joan ziren. Atera zen berriro hamabiak aldera eta hirurak aldera, eta gauza bera egin zuen. Arratsaldeko bostak aldera ere atera zen eta, beste batzuk oraindik geldi aurkiturik, esan zien: “Zertan zaudete hemen egun osoan lanik egin gabe?”. Haiek erantzun zioten: “Ez gaitu inork hartu lanerako”. Hark, orduan: “Zoazte zuek ere nire mahastira”. Iluntzean mahastinagusiak esan zion arduradunari: “Deitu langileei, eta emaiozu bakoitzari bere soldata, azkenekoetatik hasi eta lehenengoetara”. Etorri ziren, bada, arratsaldeko bostetakoak, eta zilarrezko txanpon bana hartu zuten. Lehenengo ordukoek, txanda iritsi zitzaienean, besteek baino gehiago hartuko zutela uste zuten; baina haiek ere zilarrezko txanpon bana hartu zuten. Orduan, nagusiaren contra gaizki esaka hasi ziren, eta esan zioten: “Azkeneko hauek ez dute ordubete besterik lan egin, eta gurekin berdindu dituzu, egun osoko nekea eta beroa eraman dugunokin”. Baina nagusiak erantzun zion haietako bati: “Adiskide, ez dizut bidegabekeriarik egiten. Ez al ginen zilarrezko txanpon batean hizketatu? Tori dagokizuna eta zoaz. Zuri bezainbat eman nahi diot azkeneko honi ere. Ezin ote dut neure diruaz nahi dudana egin? Ala inbidia duzu, ni ona naizelako?”. Horrela, bada, azkenekoak lehenengo izango dira eta lehenengoak azkeneko».

Mateo 20, 1-16.

Jainkoaren izakerak gogaitu eta nahigabetu gaitzake, bere logikak nahastu egin gaitzake eta amorrarazi. Jainkoa eta pertsona bakoitzaren egoa aurrez aurre jartzen dira eta, horregatik, dohainaren logika askotan zaila egiten zaigu ulertzea. Eta nola laburbildu eta sintetizatu dezakegu Jaunaren dohainaren logika hori? Honela defini genezake:

“Zenbat eta gutxiago merezi, orduan eta gehiago behar duzu,

eta are gehiago emango zaizu”

Jainkoak ez digu ezer zor, Jainkoari ezin diogu inoiz ezer exigitu. Jainkoak harritu egiten gaitu bere eskuzabaltasun erradikala adierazten digun heinean. Bai, Jainkoa gehiago pozten da azken orduan bihurtutako bekatariagatik, bizitza osoan zehar bidezkoa izan denagatik baino, eta guk ere Hura bezala maitatzen ikasiko bagenu, poztasun bera sentituko genuke.

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.