HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 19

Aldi hartan, Nain izeneko herrira joan zen Jesus, bere ikasleak eta jende asko lagun zituela. Herriko sarrerara hurbildu zenean, hildako bat, ama alargun baten seme bakarra, zeramaten lur ematera. Herriko jende asko zihoan amarekin. Hau ikustean, errukitu egin zitzaion Jauna eta esan zion: «Ez egin negarrik!». Hurbildurik, hilkutxa ukitu zuen, eta zeramatenek gelditu egin ziren. Orduan, esan zuen: «Gazte, zuri diotsut: Jaiki!». Jaiki zen hildakoa eta hizketan hasi, eta Jesusek amari eman zion. Beldurrak hartu zituen denak eta Jainkoa goresten zuten, esanez: «Profeta handia sortu da gure artean». Eta hau ere bazioten : «Jainkoa bere herria salbatzera etorri da». Judea eta inguruko lurralde guztian zabaldu zen gertaera honen berri.

Lukas 7, 11-17.

«Ez egin negarrik!» Zoritxarraren aurrean, hautsitako bizitzaren aurrean, Jesus gelditu egiten da eta berarekin konprometitzen da. Jesusi negarrak, minak eta sufrimenduak interpelatu egiten dio eta horrek elkartasunezko errukia eta konpromiso aktiboa pizten dio. Kontsolamendu, alaitasun, bizitza, osasun eta salbamen iturri gisa agertzen da Bera. Ama alargunak, hildako seme bakarrarekin batera, kolektibo zaurgarrienen eta ahulenen drama eta zorigaitza ere sinbolizatzen ditu. Jendeak honela zioen: «Jainkoa bere herria salbatzera etorri da». Jesusen sendaketek beti dute kristauek eta Elizak ahaztu ezin dugun osagai sozio-politikoa.

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude