HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 18

Aldi hartan, Jesus, herriari egindako hitzaldia amaiturik, Kafarnaumen sartu zen. Bazen han erromatar ehuntari bat, eta honek morroi bat zuen, oso maitea; morroia gaizki zegoen, hilzorian. Ehuntariak, Jesusen berri entzunik, judu buruzagi batzuk bidali zizkion, morroia sendatzera etortzeko erreguaz. Haiek, Jesusengana joanik, arren eta arren eskatu zioten: «Merezi du Zuk hori egitea, maite baitu gure herria eta berak egin digu sinagoga ere». Jesus haiekin joan zen. Etxera hurbilduxea zela, lagun batzuk bidali zizkion ehuntariak, esatera: «Ez hartu nekerik, Jauna, ni ez bainaiz inor Zu nire etxean sartzeko. Horregatik, ez naiz ausartu neu zugana joaten; aski duzu hitz bat esatea, nire morroia sendatzeko. Nik ere, neu besteren mendean egon arren, soldaduak ditut neure mendean, eta bati joateko agintzen badiot, joan egiten da; beste bati etortzeko agindu, eta etorri; eta nire morroiari zerbait egiteko esan, eta hala egiten du». Hau entzutean, Jesus harritu egin zen hartaz eta, ondoren zetorkion jendeagana itzulirik, esan zuen: «Egia esan, Israelen bertan ere ez dut aurkitu horrelako sinesmenik». Mandatariak etxera itzuli zirenean, sendatua aurkitu zuten morroia.

Lukas 7, 1-10.

Erromatar ehuntariaren bihotzaz gauza asko ikas dezakegun bihotza da. Lehenengoa da Jesusengan konfiantza duen bihotza dela. Fio da, fedea du ez hainbeste egitura erlijiosoetan, baizik eta Jesusen pertsonarengan, errealitatea eraldatzeko gai den gizakiarengan. Ikas dezakegun bigarren gauza da bihotz errukiorra dela, bere morroiarekiko errukiak mugiarazten baitu. Eta hirugarrena da bihotz apala dela, bere eskaria eta beharra aitortzen dakiena. Egia da Jainkoak gure bihotza fidakor, errukitsu eta apal bihurtzen duela, baina egia da, baita ere, ehuntariaren bezalako bihotz batek federa eta Jaunarekin elkartzera daramala zalantzarik gabe.

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude