HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 17
Aldi hartan, hurbildu zitzaion Pedro Jesusi eta galdetu zion: «Jauna, nire senideak bidegabekeriaren bat egiten badit, zenbat aldiz barkatu behar diot? Zazpi aldiz?». Jesusek erantzun zion: «Zazpi aldiz ez, baizik eta zazpitan zazpi mila aldiz. Hain zuzen, bere morroiekin kontuak garbitu nahi izan zituen erregearekin bezala gertatzen da zeruetako erreinuarekin. Kontuak garbitzen hastean, dirutza izugarria zor zion bat ekarri zioten. Eta nondik ordaindurik ez baitzuen, bera eta emaztea, seme-alabak eta zituen guztiak saltzeko agindu zuen nagusiak, zorra ordaintzeko. Morroiak, orduan, nagusiaren oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten zion: “Emadazu astia eta dena ordainduko dizut”. Nagusiak, errukiturik, dena barkatu eta libre utzi zuen morroia. Baina morroi hark berak, atera orduko, diru apur bat zor zion bere morroi-lagunarekin topo egin zuen, eta, lepotik heldu eta ito beharrean, esan zion: “Ordain iezadak zor didaana”. Lagunak, oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten zion: “Emadak astia eta dena ordainduko diat”. Baina besteak ezetz, eta joan eta kartzelan sartu zuen, zorra ordaindu arte. Beste morroiak, gertatua ikusirik, biziro atsekabetu ziren, eta nagusiagana joan eta gertatuaren berri eman zioten. Orduan, nagusiak morroiari deitu eta esan zion: “Morroi gaizto hori! Horrenbesteko zorra barkatu diat nik, eskatu didaalako; ez al zen bidezkoa hi ere heure morroilagunaz errukitzea, ni hitaz errukitu nintzen bezala?”. Eta nagusiak, haserre bizian, borreroen esku utzi zuen, zor guztia ordaindu arte. Zuei ere gauza bera egingo dizue zeruko nire Aitak, senideok elkarri bihotzez barkatzen ez badiozue».
Mateo 18, 21-35.
“Zazpitan zazpi mila” edo “zazpi milatan zazpi” Jainko izendaezina sinbolizatzeko izenetako bat izan liteke.
Zorrik handienak harremanetan sortzen dira. Nork ez du harremanetan zauritu izanaren kontzientzia lazgarria? Eta, ziur aski, zauri mingarrienak hurbilenek eta maitatuenek egindakoak dira. Zenbat zor diguten! Eta, zenbat zor diegun!
Gutxieneko etika batean, zorrak onartu eta erreparatu egin behar dira. Gutxieneko etikak, ordea, zauriaren mina, zauria bera osatuko du? Justizia egin behar da, zalantzarik ez; baina, antza denez, ez da nahikoa sufrimenduaren amildegia saihesteko.
“Zazpitan zazpi mila” neurrigabeko Jainkoaren izena eta izana (era sinbolikoan). Sinestunok, sarri askotan, horretan oinarrituta, Jainkoa ahalguztiduna dela aldarrikatzen dugu eta berari eskatzen diogu euria sikatean, osasuna gaixotasunean, bizia herioan , loteria egokitzea gure eskasian eta gure futbol taldearen salbazioa… Baina, beharbada, izen horrek adierazten digu Jainkoa eskale bat dela gure hirietako plazetan eta gutariko bakoitzaren sakontasunean; ematen du “zazpitan zazpi mila” izengoitiko Jainkoa errukiaren eskale porrokatua eta ezindua dela (beti ere izanaren sinbolismoan) gure harremanen ehun urratuan.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments