HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 16

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ez da zuhaitz onik fruitu txarra ematen duenik, ezta zuhaitz txarrik ere fruitu ona ematen duenik. Bere fruituetatik antzematen zaio zuhaitzari; elorritik ez da pikurik biltzen, ezta sasitik mahatsik hartzen ere. Ona denak ona ateratzen du bere barneko ondasun-altxorretik, eta gaiztoak gaitza bere gaiztakeri altxorretik; ahoak esan, bihotzari gainezka dariona esaten baitu. Zergatik esaten didazue “Jauna, Jauna!” eta ez duzue egiten esaten dizuedana? Erakutsiko dizuet noren antzeko den nigana etorri eta nire hitzak entzun eta betetzen dituena: etxea eraikitzean, zulatu, sakondu eta zimenduak harkaitzean hartu zituen gizonaren antzekoa da. Uholdea gertatzean, jo zuen ur-boladak etxea, baina ezin izan zuen dardararazi, sendo eraikia baitzegoen. Entzun bai, baina betetzen ez dituena, berriz, etxea lur gainean, zimendurik gabe, eraiki zuen gizonaren antzekoa da. Jo zuen ur-boladak eta berehala erori zen eta erabat porrokatua gelditu».

Lukas 6, 43-49

Izana, esana eta ekina.

Hirurak bat datozenean, pertsonaren bizia loratzen da, pertsonaren bizipozak gainezka egiten du. Zein bere aldetik alderrai doazenean, berriz, pertsonaren bizia porrokatua gelditzen da:  hitz lauetan, antropologia sakona laburbilduta.

Izana: pertsona bere sakontasun esanezinean, pertsonaren  misterioa, bizitzaren proiektua, zimendua, ondasun-altxorraren eta gaiztakeria-altxorraren bizilekua, hots, pertsonaren bihotza.

Esana: komunikazioa,  lagun hurkoarekiko harremanean atzematen eta garatzen den izana. Fededunarengan esanaren iturria eta muina: Jauna eta bere hitza.

Ekina: fruitua, eraikina, etxea.

Pertsona bakoitza eraikin-proiektu bat da, bidean dagoen bilatzailea. Bidaia horretan, izana, esana eta ekina oso dinamikoak dira eta elkarri eragiten diote.

Jesusen salaketa: hitz politek izan usteldu faltsua eta fruitu mingotsa estaltzea.

Jesusen proposamena: bera harkaitza izatea gure izanean, esanean eta ekinean.

Jesusen promesa: Jesus gure harkaitza bada, inork ez ezerk ere ez du gure bizipoz betea porrokatuko.   

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude