HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 15
Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien ikasleei: «Izan ote daiteke itsua itsuaren gidari? Ez ote dira biak zulora eroriko? Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago, baina ondo eskolaturiko ikaslea bere irakaslea adinakoa izango da. Nolatan ikusten duzu senidearen begiko lasto-izpia eta zeure begiko habeaz ohartzen ez? Nolatan esan diezaiokezu senideari: “Adiskide, uztazu begian duzun lasto-izpia ateratzen”, zuk zeurean duzun habea ikusten ez duzula? Itxurazalea halakoa! Atera lehenik zeure begitik habea, eta orduan ikusiko duzu garbi, senidearen begitik lasto-izpia ateratzeko»
Lukas 6, 39-42
Hemen mundu sinboliko aberats eta iradokigarria agertzen zaigu: itsua eta garbi ikustea, ikaslea eta irakaslea, begiko lasto-izpia eta begiko habea, senidea eta itxurazalea.
Hari horiek guztiak ehun batean ehorik daude: harremanen ehunean.
Harremanak dira gizakiaren zerua eta infernua (biak ala biak leku berberean). Harremanen ehuna gizakiaren misterioaren muinean kokatuta dago, bizitzaren misterioa da eta, aldi berean, Misterioaren presentzia.
“Begia da gorputzari argi egiten dion kriseilua. Begia onik baduzu, zure gorputz osoa argitan ibiliko da. Baina begia gaixo baduzu…” (Mt 6, 22-23). Lasto-izpiak eta habeak begiko argia moteltzen edo itsutzen dute eta harremanen ehuna urratzen dute. Besteen lasto-izpiak erraz asko nabaritzen ditugu, eta nork berea? Irakasle onena da bakoitzaren habea errukiz identifikatzen irakasten duena. Horretan saiatu zen Jesus bere bizitza osoan, horretan errotzen da benetako senidetasuna (gizadiaren ametsik handienetakoa), horixe da Jesusen mirari handia, gure bizitzaren promesa. Kontuz zure lagun hurkoari egindako kritikarekin! Kontuz itxurazalearekin! Ehunaren miraria erraz urratzen baita.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments