HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 14

Aldi hartan, Jesusek esan zion Nikodemori: «Ez da inor zerura igo zerutik jaitsi zena baizik, Gizonaren Semea. Moisesek basamortuan brontzezko sugea altxatu zuen bezala, hala izan behar du altxatua Gizonaren Semeak, harengan sinesten duten guztiek betiko bizia izan dezaten. Izan ere, hain maite izan zuen Jainkoak mundua, bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duen inor gal ez dadin, baizik eta betiko bizia izan dezan. Jainkoak ez baitzuen bere Semea mundura bidali mundua kondenatzera, haren bitartez mundua salbatzera baizik».

Joan 3, 13-17

Joanen komunitateak ondo daki Jainkoa izendaezina dela eta ez dela sartzen gure neurrietan. Hortaz, bere lekukotasun umila eskaintzen digu: Nazareteko Jesus, kristoa, da Jainko ezezagunaren irudi fidagarria.

Jesusengan agertzen zaigun Jainkoa, nolabait, pertsona bakoitzarekin maiteminduta dago eta haientzat onena (osasuna, salbazioa alegia) nahi du, bere Seme bakarra (Jainkoarentzat preziatuena) eskaintzeraino. 

Horra hor sinestunaren indar-iturria: Izendaezin horrentzat nire bizitza oso esanguratsua da eta nire bila ari da etengabeki. Hori dela eta, nire bizitza oso baliotsua da, gertatzen zaidana gertatzen zaidala.

Ez da sentimendu hutsa. Horretan datza benetako eta betiko bizia, zeina ez den hasten hil ondoren, oraingo bizitza iheskorrean baizik.

Horrekin guztiarekin batera, galdera bat uzten digu Joanen komunitateak: nire oraingo bizitza iragankorrean, zerk merezi du betiko izatea? Erantzunari lotzen baitzaio Jesusen Jainko izendaezina.

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude