Arantzazu aipatzean, batez ere, Oñati herriko goialdean dagoen Frantziskotarren Santutegi ederra datorkigu gogora. Arantzazuko Amabirjinaren jaia irailaren bederatzian ospatzen da. Gipuzkuan, Arantzazu, Loiola eta Zumarragan Antiguako Ama ditugu goraipatzeko hiru altxorrak. Goazen Arantzazura eta bere izenaren jatorrira. Herriko esaundarik hara, Rodrigo Balzategi artzainari Amabirjina agertu omen zitzaion Arantza baten gainean eta esan omen zion: “ arantzan zu?” Hortik omen dator Arantzazu izena. Baina, ez. Etimologia hori ez da zuzena. Izen zaharra: Aranza+zu > Aranzazu da, eta gerora Arantzazu ( /z/> tz ) bilakatuz. Beste errazoi bat “ arantzan zu” izan ez egiteko. Arratian ere Aranzazu > Arantzazu herria daukagu. Horregaitik ba, arantza, ar edo pintxodun elorria da eta -zu, ugaritasunezko atzizkia. Atzizki gabeko Arantza, Ainhoako Andre Mariaren adbokaziorako eraiki zen, eta hortik, Arantzazu eta Arantza emakumezko izenak. Arantza izenak bere aldaki fonetikoa ere badauka: Arantxa. Arrazoia bikoitza izan liteke, bata, / tz/ > /tx/ hipokoristikoki egitea eta bestea, erdaldunek /tz/ ahoskatzen ez jakitea eta sinkretismoz euren /ch /-ra jotzea. Esanak esanda, gogoratu eta kanta dezagun “ Zuk zer dezu Arantzazu, amets kabi otoitz leku, Euskalerria oso osorik kantari dijoakizu, izena bera Arantzazu kanta ederrena dezu, hitz bakar hori mintza orduko kantari jartzen gaituzu”.
0 Comments