HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 13

Aldi hartan, Jesusek, ikasleei begira, esan zien: «Zorionekoak behartsuok, zuena baita Jainkoaren erreinua. Zorionekoak orain gose zaretenok, aseko baitzaituzte Jainkoak. Zorionekoak orain negar egiten duzuenok, barre egingo baituzue. Zorionekoak zuek, Gizonaren Semea dela-eta jendeak gorrotatu, beren artetik bota eta madarikatuko zaituztetenean eta izen txarra emango dizuetenean. Alaitu zaitezte egun horretan eta egin pozez jauzi, handia izango baita zuen saria zeruan; gauza bera egin zieten profetei jende horren gurasoek. Baina ai zuek, aberatsok, bai baituzue zeuen poza. Ai zuek, orain aseak zaudetenok, gose izango baitzarete. Ai zuek, orain barre egiten duzuenok; aiene eta negar egingo baituzue. Ai zuek mundo guztiak zuetaz ondo hitz egingo duenean, gauza bera egin baitzieten sasiprofetei jende horren gurasoek».

Lukas 6, 20-26.

Jesusen bizitzan otoitza da giltzarria. Giltzarri horrek bizitza oparo eta zabala estaltzen duen bobedari eusten dio, zoriontasunaren bizipenari lotzen zaion bobedari, hain zuzen.

Baina “otoitz” hitza generikoa eta anbiguoa da. Askotarako balio du. Espiritualtasuna modan dago eta gure azoketan badugu gustu guztietarako nahi beste eskaintza.

Jesusen otoitza, berriz, oso zehatza eta arriskutsua da. Jesusen otoitzak bizi osoa konprometitzen du, bizi osoari eragiten dio; bizia, oso-osorik, lagun hurkoaren zerbitzuan jartzea eskatzen du, lagun hurkoaren beharrak asetzeko  (gosean eta negarrean) Jainkoarekin topo egiten baitu eta Jainkoa baita, preseski, benetako zoriontasun ororen iturri bakarra.

Zorakeria da gaurko hitza gure gaurko kulturan, gure munduko egoeran. Nork erosiko du halako espiritualtasuna?

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude