HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 12

Aldi hartan, Jesus mendira joan zen otoitz egitera, eta Jainkoari otoitzean igaro zuen gaua. Eguna argitu zuenean, ikasleei deitu eta haietako hamabi aukeratu zituen, eta apostolu izena eman zien: Simon –honi Pedro izena ezarri zion– eta honen anaia Andres, Santiago, Joan, Felipe, Bartolome, Mateo, Tomas, Santiago Alfeorena, Simon –Zelote zeritzana–, Judas Santiagorena eta Judas Iskariote, Jesusen saltzaile izan zena. Jesus ikasleekin menditik jaitsi eta zelaigune batean gelditu zen. Ikasle-multzo handia zen harekin; baita herriko jendetza ugaria ere, Judea osotik, Jerusalemdik eta Tiroko eta Sidongo itsasaldetik etorria, hari entzutera eta beren gaitzetatik sendatzera. Espiritu gaiztoek oinazetuak sendatu egiten ziren. Jende guztiak Jesus ukitu nahi zuen, halako indar bat baitzerion, denak sendatzen zituena.

Lukas 6, 12-19.

Gaurko hitzaz otoitz egitean, bobedaren irudia etorri zait. Nola bobeda batek espazio bat estaltzen duen, espazio bat osatzen duen bere azpian, hala gaurko hitzak.

Bobedako elementuak asko diren bezala, gaurko hitzaren osagaiak ere asko eta joriak  dira: harremanak, senidetasuna, misioa, herria, gaitza, osasuna…

Edozein bobedatan badago giltzarri bat, txikia izan arren, egitura guztiari eusten diona. Horrela ere, gaurko narrazioan badago giltzarri bat: otoitza, Jesusen otoitza. Otoitzari esker, bizi eremu zabal bat osatzen da: jarraitzaile bakoitzaren izena eta izana, beren arteko senidetasuna eta senidetasunaren misioa, zoko guztietatik bildu eta bila dabilen  herri xumea, gaixotasunaren gaitza eta osasunez bizi nahia…

Jesusengan, otoitza da biziaren iturria.

Jesus, zurekin batera, zurekin bat, irakatsi iezaguzu otoitz egiten, gure biziaren giltzarria eta iturria izan dakigun (zakizkigun).

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude