HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 11
Beste larunbat batez, Jesus sinagogan sartu eta irakasten hasi zen. Bazen han eskuineko besoa elbarria zuen gizon bat. Lege-maisuak eta fariseuak zelatan zegozkion, larunbatez sendatuko ote zuen, zertan salatu izateko. Jesusek, haien gogoetei igarririk, beso-elbarriari esan zion: «Jaiki eta zatoz hona, erdira». Hura jaiki eta zutik gelditu zen. Jesusek esan zien orduan: «Galdera bat: larunbatez zer da zilegi, on egitea ala gaitz egitea, bizia salbatzea ala hondatzea?». Eta, inguruko guztiei begira, esan zion gizonari: «Luzatu beso hori». Hark luzatu zuen eta sendatu egin zitzaion. Lege-maisuak eta fariseuak beren onetik atera ziren eta Jesusi zer egingo ari ziren beren artean.
Lukas 6, 6-11.
Mirari soil batean zenbat mirari!
Oholtzara jende inportantea igotzen da, autoritatea duena. Oholtza legearen arabera eraiki eta mantentzen da. Sinagoga, larunbata, predikatzeko gaitasuna oholtzak boteretsuak dira.
Oholtzatik kanpo, fokutik kanpo, berriz, elbarria, ezindua, isilpean dagoena.
Eta Jesusek, legeak eskaintzen dion oholtzatik, aldarrikatzen du bere mezua: “jaiki eta zatoz hona, erdira”.
Eta Jesusek oholtzatik desafiatzen du oholtzaren logika: “zer da zilegi?”.
Berez, legeak, lege-maisuek eta fariseuek ez dute ekintza gaitzik egiten; ekintzarik eza da Jesusek salatzen duena, hots, fokutik kanpo dagoen sufrimenduaren aurrean ezer ez egitea. Testuinguru horretan, oholtza hiltzailea da, legea hiltzailea da eta ezer ez egiteak heriotza dakar. Horretaz jabetzea kontzientzia-aldaketaren miraria da. Kontzientzia hori izanik, etsipenean ez geratzea miraria da. Kontzientzia hori izanik, indarkeriazko jarrera ez hartzea miraria da.
“Luzatu beso hori” omen da miraria. Are mirari handiagoa: Jauna, zabaldu gure kontzientzia!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments