HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 10

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Zure senideak bekatu egiten badu zure aurka, zoaz beragana eta zentzarazi bakarrean. Jaramon egiten badizu, irabazia duzu senidea. Jaramonik egiten ez badizu, berriz, har itzazu zeurekin lagun bat edo bi, auzia bi edo hiru lekukoren aitorpenaz erabaki behar da eta. Hauei ere jaramonik egiten ez badie, esaiozu elkarteari, eta elkarteari ere jaramonik egin nahi ez badio, izan bedi zuretzat jentil edo zergalari baten pareko. Benetan diotsuet: zuek mundu honetan lotua, zeruan ere lotua geldituko da, eta zuek mundu honetan askatua, zeruan ere askatua. Beste hau ere badiotsuet: zuetako bik elkar hartzen badute mundu honetan Jainkoari zerbait eskatzeko, emango die zeruko nire Aitak. Izan ere, nire izenean bizpahiru lagun bilduak dauden tokian, han naiz Ni haien artean».

Mateo 18, 15-20.

Senideen arteko zentzarazpena ez da gauza erreza hainbat eta hainbatetan. Hala ere, behar-beharrezkoa dugu, ezinbestekoa, kristauak garen aldetik. Ezin gure fedeari eutsi era bakartu edo auto-zentratu batean. Gure sinismena ez da gaur egungo hainbat eta praktika sasi espiritualetan gure onura fisiko-psikiko hutserako beste praktiketariko bat. Gureak Jesusekin harreman gertu-gertu bat bilatu beharko luke eta, hein horretan, ezinbestez, besteenganako, lagun hurkoarenganako, bihotz-zabaltze bat eskatu behar digu.

Errukiorrak izan behar dugu, hortaz, besteekin, zeinahi ere den beren egoera eta beharrizanak. Honek beren egoera materialean, edo beharrizan fisikoei dagokien horretan, eskuzabalki laguntzea eskatuko du batzuetan, besteetan, aldiz,  psikikoki barne bakea inarrosten dion estualdia eramaten laguntzea eskatuko digu, eta, bestetzuetan, haur sarritan behar beste presente izaten ez badugu ere, lagun hurkoa Jesusek luzatuko zigun bidera gerturatzen lagundu beharko diogu. Gurea ona, barne eraldatzailea eta bizi emailea bada, ez dezagun guretzat soilik gorde. Kristauen bidea, hori izango bada, ez da norbere bidea, bide komunitarioa baizik, mundu zabaleko Jesusen seme-alabak ere badiren guztiekin partekatzekoa.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude