HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 9
Behin batean, larunbatez gari-soroetan barna zihoan Jesus. Eta ikasleak galburuak moztu, eskuetan aletu eta jaten ari ziren. Fariseu batzuek esan zieten: «Nolatan ari zarete, larunbatez zilegi ez dena egiten?». Jesusek erantzun zien: «Ez al duzue irakurri Davidek egin zuena, bera eta beraren lagunak goseak gertatu zirenean? Jainkoaren etxean sartu eta, Jaunari eskainiriko ogiak hartuz, jan egin zituen, eta bere lagunei ere eman zizkien, legez apaizek bakarrik jan zitzaketen ogiak izanik». Eta esan zien: «Gizonaren Semea larunbataren nagusi da».
Lukas 6, 1-5.
Zenbait eta zenbaitetan nahasten ditugu jarraitu beharreko letraren espiritua eta letra bera, ardoa eta ardo-kopa. Oso antropologikoa da kontua, oso gizatiarra, beti izan eta izango dugu-eta joera desitxuratzaile hori mehatxuka.
Jesusek, bere bizitza publikoan, bere harreman, ekintza eta esanen bitartez etengabe jarriko digu agerian noiz eta nola, eta zeinen erraz, lerratzen garan agindu, sineskizun eta ustez moralak diren betebeharrekoak hutsaltzera eta zapuztera, euren zinezko esanahia eta zentzua aintzat hartzen jakin ez dugulako.
Hau era tranpati uler liteke. Beste mutur batera ere lerratu gintezke, eta pentsatu denak balio duela, aginduak edo ezarritako formak eta ekin moldeak hala hola, eta axola gabe, bazter utz ditzakegula. Kontua ez da hori baina, askoz sakonagoa da. Gizakiak erlijio mailan, zein gizarte mailan, eguneroko jardunerako bidea erraztuko dioten ekin moldeak ezarriak izan behar ditu aurrez, bestela bizitza guztiz nekeza egingo litzaioke-eta. Dena den, unean unean eta gertakariak gertakari, errealitatea beti ari zaigu hainbat gako luzatzen, eta hainbatetan errealitatea letrak eta aginduek, dioskutenari nabarmen gailentzen zaio.
Hori horrela, eta hori aintzat hartuta, berez beti zuhur jokatu beharko dugu, baina are gehiago Kristoren Espirituz bizi nahi badugu. Jesusek ebanjelioan zehar ezin argiago utzi zigun hori. Gurera etorriz, eta Elizaren baitan murgilduz, den-dena, are jada ondo ezarria edo erabakita dagoena ere, une oro, Jesusen Espirituz bere horretan pentsatzeko, berriz ere pentsatzeko, edo are ber-pentsatzeko ere beldurrik ez genuke izan beharko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments