HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 8
Abrahamen eta Daviden ondorengo den Jesu Kristoren jatorriliburua. Abrahamek Isaak sortu zuen, Isaakek Jakob, Jakobek Juda eta haren senideak; Judak Tamarrengandik Fares eta Zara sortu zituen, Faresek Esrom, Esromek Aram, Aramek Aminadab, Aminadabek Naason, Naasonek Salmon; Salmonek Rahabengandik Booz sortu zuen, Boozek Rutengandik Obed, Obedek Jese, Jesek David erregea. Davidek Uriasen emazte izanagandik Salomon sortu zuen, Salomonek Roboam, Roboamek Abia, Abiak Asaf, Asafek Josafat, Josafatek Joram, Joramek Ozias, Oziasek Joatam, Joatamek Akaz, Akazek Ezekias, Ezekiasek Manases, Manasesek Amon, Amonek Josias; Josiasek Babiloniako erbestealdian Jekonias eta haren senideak sortu zituen. Eta Babiloniako erbestealdi ondoren, Jekoniasek Salatiel sortu zuen, Salatielek Zorobabel, Zorobabelek Abiud, Abiudek Eliakim, Eliakimek Azor, Azorrek Sadok, Sadokek Akim, Akimek Eliud, Eliudek Eleazar, Eleazarrek Matan, Matanek Jakob; Jakobek, berriz, Jose sortu zuen, Mariaren senarra, eta Mariagandik jaio zen Jesus, Kristo deritzana. Jesu Kristoren sortzea honela gertatu zen: Maria, Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoen eta, elkarrekin bizi izan baino lehen, haurdun gertatu zen Espiritu Santuaren egitez. Josek, Mariaren senarrak, gizon zintzoa baitzen eta ez baitzuen bere emaztea salatu nahi, hura isilean uztea erabaki zuen. Baina asmo hori gogoan zerabilela, Jaunaren aingerua azaldu zitzaion ametsetan eta esan zion: «Jose, Daviden ondorengo hori, ez beldur izan zeure emazte Maria etxean hartzeko, honengan sortua Espiritu Santuagandik baitator. Semea izango du, eta zuk “Jesus” ipiniko diozu izena, hark salbatuko baitu bere herria bekatuetatik». Hau guztia Jaunak profetaren ahoz esandakoa bete zedin gertatu zen: «Begira, birjinak sabelean sortu eta semea izango du, eta Emanuel ipiniko diote izena (Emanuel izen honek “Jainkoa gurekin” esan nahi du)».
Mateo 1, 1-16. 18-23.
Emanuel, “Jainkoa gurekin”, izango du izena etortzear den Handi Horrek. Gerora, Mateoren ebanjelioaren bukaeran, horixe bera aginduko digu Jesusek bere agur-hitzetan: “eta ni zeuekin izango nauzue egunero munduaren azkena arte”.
Gurekin, gure ondo-ondoan, eta are garrantzizkoago dena, guretariko bat izanez, egongo da Jesus. Horren berri eman nahi digu genealogia honek. Genealogia honek zenbait eta zenbait pertsona-izen aurkezten digu, hezur-haragizko zenbait pertsonarenak, eta beroiek, historian zehar ongi egindako ekintzen zein hutsegiteen bitartez, euren fedeari eusteko gauza izan ziren. Hala ere, hor guztiz eta erabat Maria gailendu zen. Mariaren eta Jose bere senarraren fedeak eta Jainkoarenganako konfiantza erabatekoa kristauontzat eredugarria izan beharko luke.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments