HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 7

Aldi hartan, jendea gainera zetorkion Jesusi, Jainkoaren hitza entzuteko; Genesaret aintzira-ertzean zegoen Jesus. Bi txalupa ikusi zituen ur-bazterrean geldi; arrantzaleak, ontzietatik jaitsita, sareak garbitzen ari ziren. Igo zen txalupa haietako batera, Simonenera, eta lehorretik pixka bat aldentzeko eskatu zion. Gero, eseri eta txalupatik jendeari irakasten jardun zuen. Hitzaldia bukatzean, esan zion Simoni: «Jo itsaso zabalera eta bota sareak arrantzurako». Simonek erantzun zion: «Maisu, gau osoan eginahalak egin eta ez dugu ezer harrapatu; hala ere, Zuk diozunez gero, botako ditut sareak». Hala egin zuten eta, hainbesteko arrain-pila harrapatu zuten, sareak lehertzeko zorian baitzeuden. Beste txalupako lagunei keinu egin zieten laguntzera etortzeko; etorri ziren, eta bi txalupak bete zituzten, ia-ia hondoratzeraino. Gertatua ikusirik, Jesusen oinetan ahuspeztu zen Simon Pedro, esanez: «Alde nigandik, Jauna, bekataria naiz eta». Izan ere, zur eta lur zeuden Simon eta harekin ziren guztiak, eginiko arrantzuagatik, eta gauza bera gertatzen zitzaien Simonen arrantzulagun ziren Zebedeoren seme Santiagori eta Joani ere. Baina Jesusek esan zion Simoni: «Ez beldur izan, hemendik aurrera giza arrantzale izango zara». Haiek txalupak lehorrera atera zituzten eta, dena utzirik, jarraitu egin zioten.

Lukas 5, 1-11.

Jesusen jarraitzailea izatea ez da egunerokoan gure arteko gutako bati egin diezaiokegun jarraipenaren modukoa. Zabalduz joango den bidea izango da. Jesus gure baitan onartu ahala gure pertsona eraldatuz joango da pixkana-pixkana. Pedrorengan dakusagu ezin argiago prozesu hau.

Pedrok ere ikasi beharra izan zuen. Hasierako zalantzak edo duda-mudatan ibiltze hori agerian dugu hor; are Jesusi arrantzu etekintsurako aukerarik batere ez zegoela jakinarazteko ere. Horrekin batera, hasierako zalantza hori berehala joango zaio urratzen eta konfiantza moduko bat ernatzen (“zuk diozunez, botako ditut sareak”). Orduko horretan baina, aipatu hasierako konfiantza horrek ez zuen ematen erabatekoa; hortik segitzen da gerora, arrantzaren emaitzak ikusita, harriduraren harriduraz, zeharo liluraturik, Jesusen oinetan ahuspeztu izana.

Hartu-eman honen ondoren hasi da jada Pedroren barne eraldaketa. Ezduin sentitzen du bere burua Jesusen aurrean eta ezin apalago zera baino ezin izan dio esan: “alde nigandik, Jauna, bekataria naiz eta”.

Halere, kontuak aldatu egin dira zeharo, itxura guztien kontra. Jesus eta Pedroren arteko ezin gaindituzko amildegi hori desegin da. Jada ez dago bion arteko alde ezin gaindituzkorik. Jesusek beldurrik gabe berarekin bat egitera deitzen du Pedro. Kristauok ere hala bizi beharko genuke Jesusekiko harremana; apaltasunez, berekiko konfiantzak bultzatuta, eta Berarekin batera bere Erreinua zabaltze alderako proiektuan aritzeko deituak.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude