HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 6
Aldi hartan, Jesus sinagogatik atera eta Simonen etxean sartu zen. Simonen amaginarreba sukar handiaz zegoen, eta haren alde zerbait egiteko eskatu zioten. Orduan, harengana makurturik, zorrotz agindu zion sukarrari, eta sukarrak alde egin zion. Berehala jaiki eta zerbitzatzen hasi zitzaien amaginarreba. Eguzkia sartu zenean, gaixoak zituzten guztiek, edozein zela ere haien gaitza, Jesusi eramaten zizkioten, eta hark, bakoitzari eskuak ezarriz, sendatu egiten zituen. Askorengandik deabruak ere ateratzen ziren, deiadarka esanez: «Zu Jainkoaren Semea zara!». Jesusek zorrotz galarazten zien hitz egitea, bazekiten-eta Mesias zela. Eguna argitu orduko, atera eta bazter bakarti batera joan zen. Jendea haren bila zebilen eta, aurkiturik, eutsi egin nahi zioten, alde egin ez ziezaien. Baina Jesusek esan zien: «Gainerako herrietan ere adierazi beharra dut Jainkoaren erreinuaren Berri Ona, horretara bidali bainau Jainkoak». Eta Judeako sinagogetan ibili zen Berri Ona hots egiten.
Lukas 4, 38-44.
Pasarte honetan Jesusen presentzia sendagarriarekin ere egiten dugu topo. Oro har bere esanahi sakonean ulerturik, honako honetan baina fisikoki egindako natur mirari gisa agertzen bazaigu ere.
Zentzu bikoitza ikus dakioke egindako egintza honi; bateko, egindako miraria den aldetik, seinale dugu, Jesusek, Jainkoaren Seme gisa, duen ahalmena erakutsian jartzen diguna; besteko, mirari honen edukia, ezaugarriak eta inguruabarra ikusita, zenbait ondorio atera genezake:
-“Simonen amaginarreba oheratua zegoen sukarrarekin; berehala, hartaz hitz egin zioten”. Jesus berarengana hurbildu zen. Askotan graziak dihardu gure baitan eta berez, ez gara gu geurez hurbiltzen Jesusengana. Gure gurasoak, gure aurretikoak, Jesusen jarraitzaileak izan zirelako izan gara gu geu ere Jesusen aurrera ekarriak.
-“Oheratua zegoen sukarrarekin”, bere zentzu zabalean. Honako honetan gaixotasun zehatz batek jota aurkezten zaio Jesusi Simonen amaginarreba, baina nork ditu bere arazoak, fisikoak zein psikikoak, objektiboak baina batez ere subjektiboak, norbere zama existentzial, biografikoak, baldintzatzen eta sarri askotan zamatu ere egiten gaituztenak. Gure problema horiek, Jesusi aurkeztuak, agian ez dira desagertuko, baina zentzuz bestelakotuak izango dira, esanahiz eraldatuak izango zaizkigu, Berarekin partekatzen ditugun momentutik beretik bestelakotuak.
Lerro hauek dagerkiguten garrantzizkoena jarraiko hau dugu. Aurreko eguneko irakurketaren harira jada esanda moduan, Jesusen Berri Ona ez da soil-soilik momentuko arazo bat konpondu edo irtenbide erraza emate alderako soluzio magikoa. Bera eta Berak dakarrena sendagarri da, eta , bateratsu bere ahalmen guztizkoaren seinalea ere.
Azpimarratu beharrekoa azken honako hau ere badugu: Jesusek bere bideari ekin behar izan zion, beste sinagogetara. Berri Onaren zabaltze alderako bideari ekin behar izan zion, ondo jakinda atzetik bere bila zituen horiek guztiek jada bazutela beren sendatze bidea hartuta, fisikoki guzti-guztiak sendatu ez bazituen ere. Izan ere, Berarenganako fede eta itxaropena duen orok jada badu izan behar duen guztia. Zer gehiago lor edo itxaron dezake?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments